0 iruzkin

COMFORTABLY NUMB

Comfortably numb: batzuok ezagutuko duzue Pink Floyd taldearen kanta ederra eta horretan Gilmourren gitarra maisuak egiten duen erakusketa. Titulua ezezaguna duzuenoi, zer nahi duzue esatea, ez galdu, begiratu bideo ikusgarri hau (azpitituluak ditu gazteleraz); zuzeneko kontzertua da, aurkezpen itzela hasieratik bukaerara:

Kantaren letra drogaren eraginaz mintzo da (“erdi lo goxoan” itzul dezakegu), hain zuzen ere kanta sortu zen garaian gazteen artean indar betean zegoen heroinaz. Gure belaunaldian sarraski itzela egin duen droga horrek, bi boladatan: hasieran drogak berak sortutako zuzeneko kalteak eta handik urte gutxitara, zeharkako kalte latza, HIESez kutsaturik baitzeuden heroinazale izandako asko. Nire belaunaldian, tamalez, ongi ezagutu dugun kontua da hau.

Letrak "erdi lo goxo" hori aurkezten du eroso egoteko balizko konponketa moduan, eta esan dezakegu urte askotan Europan gizarte osoa erdi lo goxoan egon dela, etengabe gora zihoan kontsumoan, denbora-pasan, axolagabetasunean … krisi ekonomikoa heldu arte.

Segurutzat jotzen genituen eskubideak eta lorpenak desegin dira gure begien aurrean, familiak etxerik gabe geratzea eguneroko kontua bihurtzen ari da, langileon lan-hitzarmenek ez dute eskaintzen babes handiegirik … Injustiziaren aurpegi ezkutuak azalarazten ari dira.

Hori dela eta, krisiak iratzartze bat ekarri du herritar anitzen gogoan: bat-batean ohartu dira ekonomiaren oinarriak nora dauden makurtuta, zein egoeratan gauden behekook, zer lotsa gutxi duten politikari askok, banketxeen azpijokoak noraino heltzen diren … ia-ia gauza berriak bailiran. Krisiak lozorrotik atera ditu kontzientzia ugari, eta hori ona da, egiazko errealitate gordina ezagutzeko bidea ematen baitu.

Krisiaren eragina langileontzat latza ari da izaten, baina “lo goxo” horretatik ateratzeko balio badu, ez da guztiz kaltegarria izango. Etorkizuneko borroka ugariren hazia ereiten ari delako sentsazioa daukat, tiragaleak ateratzen ari dela kontzientzia berritu argiagoa. Hala izan dadila!

 

 

/