0 iruzkin

Bada, nik potolo ikusten dut

Zer esango dizuet, bada? Nik potolo ikusten dut, lodi-lodia, argiago  nahi baduzue. Hain potolo ezen ez baitirudi hegaldi labur bat ere  egiteko gai denik. Txoritxoari buruz ari naiz, noski, txantxangorriari buruz, Eusko Jaurlaritzaren euskara sustatzeko kanpainaren txoritxoaz:

 Webean honako azalpena ematen dute:  Zergatik Txantxangorria? Txantxangorria maite dugun animalia txiki eta kuttuna da; bizkorra, bizia. Euskarak bezalaxe, hegoak astintzea behar du airetik arin ibil dadin. Hala, txantxangorriak euskararekiko antz handia eta hurbiltasuna du, gure hizkuntzaren irudikapen paregabea izanik.

Bada, ez nago ados lehen baieztapenarekin:  irudiko txantxangorria ez dakit kuttuna den, baina dudarik gabe, ez da ez bizkorra, ez biziegia. Potolo dago, borobil-borobila da,  mugitzeko  trakets  derrigorrean. Gainera hegalak txikiegi ditu honelako gorputz astunerako, eta horregatik ez nago ados bigarren baieztapenarekin:  txori horrek, nahiz eta hegoak astindu, ez da arin ibiliko airean. Haatik, hirugarrenaren baieztapenarekin bat nator: txoria gure hizkuntzaren irudikapen egokia da: hegal egiteko zailtasunak ditu.

Zergatik dago astun, mugitzeko zailtasunekin, gure txoria? Arrazoi bi ekarriko ditut hona:

1. Badago iritzi bat nahiko zabaldua eta sustraitua, ez hainbestetan adierazia: euskara “egotea” nahikoa da, hau da, paper ofizialetan, karteletan eta ekitaldi baten hasierako mintzaldian euskara “badago”, ongi dago. Horrela argi geratzen da beste hizkuntza bat badugula, betetzen du bere “kuota”. Baina segituan gauza gehienak, eta bereziki “inportanteak” gazteleraz egingo ditugu. Euskararen funtzioa batez ere sinbolikoa da, ez praktikoa. Kontua zera da, hizkuntzak tresnak dira, eta, praktikoak ez badira, ezer gutxi dira, erabilgarritasuna beren funtsa delako. Euskarak erabilera hutsezko esparruak behar ditu, arnasa hartzeko, elikatzeko, indartzeko eta biziberritzeko, bertan erabat erabilgarri izateko. Eta esparru nagusietako horietako bat administrazio publikoa beharko luke izan. Ofizialtasunak izugarrizko ahalmena du hizkuntzak garatzeko, baldin eta ofizialtasun horrek administrazio-erabilera ekartzen badu, bestela adierazpen erretoriko hutsa bihurtzen da (Irlanda, adibidez). Administrazioek beren barne funtzionamendua begiratu beharko lukete eta apustu sendoagoa egin euskaraz funtzionatzeko, ez soilik nola hala (eta beharko litzatekeen baino gutxiagotan) euskaraz herritarrak artatzeko. Eta hor badago bide luzea egiteko. Zenbat lekutan euskaldunek egiten dute lan euskaraz (bilerak, dokumentuak, komunikazioak, kontsultak..)? Ez da nahikoa Hizkuntza Eskakizunak ezartzea, gero gehienetan gazteleraz egiten bada lan “erosotasunaren” poderioz. Euskaraz gero eta erosoago eta hobeto aritzeko, euskaraz aritu behar da. Momentu honetan urrats bat eman beharrekoa da: euskara bihurtu administrazio publikoaren barne hizkuntza erreferentzial nagusia. Aztertu beharko dira esparruak, epeak eta prozedurak, baina erronka saihestezina da. Besteak beste, bermatzeko herritar guztiei beren aukerako hizkuntza ofizialean emango zaiela zerbitzua, gaur egungoa hankamotz geratzen baita nahiko genukeen baino gehiagotan.

2. Bigarren arrazoia euskararen irakaskuntzarekin zerikusia du. Ebaluazio Diagnostikoek hasieratik, 2009tik, detektatu zituzten euskararen inguruko gabeziak. Eta azken ebaluazioaren datuetan beherakada kezkagarria egon da. Ikasle kopururik handiena Hasierako Mailan (baxuenean, ikus http://www.isei-ivei.hezkuntza.net/web/guest/detalle-informe-ed?p_p_id=KAIOAContenido_WAR_w24mContenidoWAR&p_p_lifecycle=1&p_p_state=normal&_KAIOAContenido_WAR_w24mContenidoWAR_idArticulo=1267054&_KAIOAContenido_WAR_w24mContenidoWAR_idPlantilla=INFORME_DETALLE ). Hezkuntza Administrazioak ezer gertatuko ez balitz bezala egiten du, eta ardura ikastetxeetara bideratzen du (hobekuntza planak egiteko aginduz). Ikastetxeek beren gogoeta egin behar dute, noski, eta hobekuntzak landu. Baina hor ez da amaitzen Hezkuntza Administrazioaren ardura: arazo estrukturala da eta konponbide estrukturalak beharko dira, administrazioaren esku daudenak.

Ondo dago Administrazio Publikoek (kasu honetan Eusko Jaurlaritza, aldundi eta udal nagusien babesaz) kanpainak bideratzea herritarrongan euskararekiko atxikimendua bultzatzeko. Baina hobeto egongo litzateke administrazio horiek euskaraz funtzionatzeko (goitik behera) neurri eta erabaki zehatzak hartuko balituzte, ganorazko ahaleginean. Hobeto egongo litzateke euskara lehentasunezko gaitzat hartuko balute  eta gestionatzen duten zerbitzuetako ohiko hizkuntza izan dadin lan egingo balute.  Hegal egiteko txoriak hegalak astindu behar ditu eta airean mugitzeari beldurra kendu.

/