0 iruzkin

Hezkuntza klaseetan (klase sozialetan) gero eta banatuagoa

Jakin badakigu krisi honek aberatsak gero eta aberatsago egin dituela eta, aldiz, langileon baldintzak okertu, sektore zabalak pobretu eta emakumeak eta gazteak bereziki prekarietate izugarrian jarri dituela. Badakigu pribatizazioa etengabe indartzen ari dela zerbitzu publikoak ahulduz eta kaltetuz (osasunean, pentsio-sisteman, arlo sozialean…). Gure hezkuntza sistema ere bada honen adibide; izan ere, eginiko murrizketek eta hartutako erabaki politikoek irakaskuntza publikoa gero eta egoera larriagoan uzten ari dira. Duela urte eta erdi post bat idatzi nuen honetaz (“Eskola banaketa hau al da gure eredua?”): http://www.naiz.eus/eu/blogs/klarionez/posts/eskola-banaketa-hau-al-da-gure-eredua

Berriki argitaratutako EAEko Ebaluazio Diagnostikoa 15eko datuekin han aipatutakoa are larriagoa agertzen zaigu: krisiak eta horren gestioak hezkuntza sisteman utzitako eragina nabarmen islatzen da txostenaren oinarrizko datuetan: banaketa soziala indartzen ari da EAEko eskoletan. Erabiliko ditudan datuak DBHko 2. mailari dagozkio.

Ebaluazio diagnostikoan lau maila sozioekonomiko ezartzen dira, hainbat irizpideren arabera: maila baxua, maila baxu-ertaina, maila altu-ertaina eta maila altua. Zer dio txostenaren 1.2.2. atalak? Ikus dezagun:

-          Irakaskuntza Publikoan nagusi dira maila baxuko eta baxu-ertainetako ikasleak (A ereduan % 95,1; B ereduan % 69; D ereduan % 60,5)

-          Irakaskuntza Itunduan (erlijiosoa eta ikastola pribatuak) nagusi dira maila altuko eta altu-ertainetako ikasleak (A ereduan % 72,9; B ereduan % 57,1; D ereduan % 82,2; hiru multzo hauetan gehienak maila sozioekonomiko altuko ikasleak dira)

Lehen ebaluazio diagnostikoa 2009koa da. Galdetu dezakegu zer gertatu den handik hona, zer nolako eboluzioa izan duen banaketa sozialak urte hauetan (gogoratu krisiak 2008an egiten duela eztanda). Erreza imajinatzeko, noski: sare publikoko ikasleen maila soziokulturalak behera egin du eta sare pribatuko ikasleen mailak gora. Maila ertaina “0” zenbakian jarrita, indizeen eboluzioa honela joan da:

-          Irakaskuntza publikoan datu guztiak “0” azpitikoak dira, eta jaisten:

  •  A eredu publikoa: -0,68tik (2009) -1,03ra (2015)
  • B eredu publikoa: -0,35etik (2009) -0,43ra (2015)
  • D eredua publikoa: -0,12tik (2009) -0,16ra (2015)

-          Irakaskuntza pribatuan datu guztiak “0” goitikoak dira, eta igotzen:

  • A eredu itundua: +0,24tik (2009) +0,38ra (2015)
  • B eredu itundua: +0,08tik (2009) +0,12ra (2015)
  • D eredu itundua: +0,16tik (2009) +0,25ra (2015)

Klaseak daude irakaskuntzan, gero eta markatuagoak. Duela urte eta erdiko galdera errepikatuko dut: “Eskola banaketa hau al da gure eredua?”.

Datuak zehatzago aztertu nahi duenak hemen dauka Ebaluazio Diagnostikoaren txostena:

http://www.isei-ivei.hezkuntza.net/c/document_library/get_file?uuid=efa9069b-264c-44e5-a1dd-d89cd2f4506b&groupId=635622

Amaitzeko, LA RAIZ, kanta ederra, “A la sombra de la sierra”:

 

Eta hau ez da dena. Euskararen irakaskuntzaren inguruan ere eman ditu datuak EAEko Ebaluazio Diagnostikoak, datu kezkagarriak. Hurrengo post-a honetaz joango da.

/