2 iruzkin

Hezkuntza lege berria, zertarako?

Aspaldiko matraka da, EAEn, hainbatek mantra bezala errepikatzen dutena, “hezkuntza lege berria behar da”, “hezkuntza lege berria behar da”, “hezkuntza lege berria behar da”… Eskaera hori Euskadiko Autonomia Elkartearen agintariei eta gizarteari egiten diote gaur bai eta bihar ere bai. Badirudi baieztapen hori (“Hezkuntza lege berria behar da”) eztabaidaezina den gauza horietako bat bihurtu nahi dutela, behin eta berriro leloa errepikatzearen poderioz. Bada, nik, nagoen lekutik (eguneroko eskolaren lanetik) ez dut batere argi ikusten behar hori.

Gainera, Heziberrirekin gertatu dena aztertuta, alderantzizko ondorioa ateratzen dut: orain lege berria? Ezta pentsatu ere! Heziberri alternatiba moduan saldu ziguten, LOMCEri aurre egiteko “euskal” bide moduan. Garatu ahala, ikusi dugu Heziberrik LOMCEri men egiten ziola arlo guztietan; azken finean, Madriletik datorkigun lege jasangaitz honen aplikaziorako tresna funtsezkoa da gaur egun Heziberri. Eta Eusko Jaurlaritzaren asmoetan hezkuntza legearekin burutzen da Heziberri prozesua.

Ea, pentsa dezagun, legeak ez dira astero sortzen eta egunero aldatzen. Orain indarrean (?) dagoen EAEko legea, Euskal Eskola Publikoaren Legea, 1993eko otsailekoa da: laster 24 urte beteko ditu! Planteamendua erraza da, datozen 24 urterako LOMCEren teilatupean sorturiko legea nahi dugu EAEn? Justu orain egin behar dugu legearen aldaketa? Noiz eta LOMCEren garai betean?

Inork uste al du balizko lege berrian EAJk aurre egingo diola LOMCEri? Ez, noski. Argi eta behin baino gehiagotan adierazi du Urkulluk ez duela legeetatik kanpoko ezer bideratuko; hala esan eta hala egin du gauza askotan, hain zuzen ere Heziberrirekin hezkuntza arloan. EAEn lege berria hasteko dagoen legealdian eratzen bada, LOMCEren eskakizunak eta baldintzak jasoko ditu, eta eredu horren finkatzea ekarriko digu, urteetarako. Horretarako behar dugu lege berria?

Neuk ere nahiko nuke lege berria hezkuntzan: egituraketa desberdina, kalitatezko eskola euskaldun demokratikoa, ikasleen beharretatik abiatua, justizia soziala ardatz duena... Lehen urratsa norabide horretan murrizketekin amaitzea litzateke (ratioak, ordezkapenak, beharren araberako baliabideak …). Irakaskuntza publikoan, behintzat, itogarria da eskola eta langile askoren egoera, lan zama eta baliabide eskasiarekin. Lege berri batek konponduko du hori guztia? Bada, konpon liteke irakaskuntza lehentasunezko apustua bezala jartzeko benetan borondate politikorik balego, lege berriarekin edo lege hori gabe.

Eta orain sortuko litzatekeen balizko lege horrek …

… D eredua orokortuko du eskola guztietan euskararen irakaskuntza bermatzeko? Ez LOMCErekin

… ikasleen beharrak jarriko ditu erdigunean? Ez LOMCErekin

… jakintza humanistiko-kritiko-artistikoei eginiko kaltea konponduko du? Ez LOMCErekin

… aterako du erlijio-irakaskuntza ikastetxe publikoetatik? Ez LOMCErekin

… aldatuko dio norabidea eskolen banaketa soziala gero eta larriagoari (pobreentzako eskolak, ez hain pobreentzakoak/kanpokoentzako eskolak, hemengoentzako eskolak)? Ez LOMCErekin

… eskola demokratikoagoa egingo du?  Ez LOMCErekin

… joera pribatizatzailea eta ikuspegi neoliberala hezkuntzatik aterako du? Ez LOMCErekin

Balizko lege berri hori LOMCEren semea izango da, eta horregatik, hobe argia ikusten ez badu. LOMCEren euritakoaren azpian ibilbiderik ez genuke egin behar, hamarkadatan eragina izan dezakeen legea sortuz.

Lege berriaren eskaera batez ere ikastola pribatuetako eta ikastetxe erlijioetako ordezkariek egin dute.  Baina, zergatik? Nik uste dut -agian oker nago- lege berria esaten dutenean benetan finantziazioa esan nahi dutela. Sosak. Dirua. LOMCE lege pribatizatzailea da, PPren eskutik etorri diren neurri asko bezala, kaltegarria interes publikorako eta onuragarria interes pribatuetarako. LOMCErekin irakaskuntza pribatuak irabazi egiten du, eta irakaskuntza publikoaren ahuldadea, alderantziz, handitu egiten da: ezer berririk ez, PPren ohiko joera, zerbitzu sozialetan, osasunaren arloan eta abarretan izan duena. Oker egon naiteke, baina, nire aburuz, irakaskuntza pribatuari lege berria orain sortzea interesatzen zaio, LOMCErekin baldintzak aldekoak dituelako.

Herri ikuspegitik eta ezkerretik eztabaida beste kontu batzuetara bideratu beharko genuke: nola lortu eskola desberdintasun sozialen aurkako faktorea izatea (eta ez horren erreproduzitze hutsa izatea); nola lehenetsi euskararen irakaskuntza (bereziki zailagoa gertatzen den esparru eta zonaldeetan); nola bultzatu garapen osoa gure ikasleengan (dogmarik gabeko pentsamendu kritikoa zabalduz, autonomian eta arduran heziz); nola sentsibilizatu eskola eta bere partaide guztiak injustizia eta askatasun faltaren aurrean (elkartasuna sustatuz); nola handitu familien, ikasleen eta langileen parte hartzea (demokrazian partekatuz) … Urratsak eman eta erabakiak har daitezke hauetan guztietan. Hori bai da erronka!

Amaitzeko, EAEko hezkuntza sistemaren argazki soziala atera du Save The Children erakundeak. Emaitza interesgarriak ulertzeko zertaz ari garen banaketa sozialaz hitz egiten dugunean:

https://www.savethechildren.es/sites/default/files/imce/docs/necesita_mejorar_veusk_cas_web.pdf

 

/