0 iruzkin

Glory Days

Garai batean EAJko politikariek pentsatuko zuten egiazko autogobernua eskuratu zutela EAEren esparruan. Konpetentzia osoko arloa zen hezkuntzan, adibidez. “Glory days” zetozen Euskal Herriarentzat. Ezin da balorazio osoa eta egokia egin honelako post laburrean, “autonomiak” zer eman duen aztertzeko; ez litzateke ez zuzena, ez orekatua. Liburu potolo bat beharko genuke “autonomia” honek eman dituen argiak eta ilunak zehazteko. Baina argigarriak dira, nolako egoeran gauden ikusteko, hezkuntzan gertatzen ari dena.

LOMCE legea aplikatzen ari da, eta aplikatzen jarraituko da, Heziberri egitasmoak lege horren alderik garrantzitsuenak babestu eta bermatu egiten baititu. Hala ere, ez hezkuntza komunitatean, ez arduradun politikoek, inor ez dago LOMCEren alde. Inposizio hutsa da, gurasoontzat, irakasleontzat, esparruko sindikatu guztiontzat eta Eusko Legebiltzarreko 65 parlamentarientzat (PPk ditu gainontzeko 10 parlamentariak). Protestak egon dira, eta jarraituko dute, desobedientzia ekintzak barne. Hala ere, Jaurlaritzak ezarritako curriculuma hainbat edukitan Madrilen agindutakoari estu-estu jarraitzen ez dionez, errekurtsoa jarri dio Espainiako gobernuak:

http://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20160621/el-gobierno-espanol-recurre-la-ope-de-la-ertzaintza-y-el-curriculum-de-educacion

Hor gaude. Eta azkena ere mundiala da:  Eusko Jaurlaritzak erabaki beharko du laster men egingo dion Espainiako Auzotegi Konstituzionalaren epaiari, irakaskuntza publikoko  irakasleon lan orduak gehituz eta ordezkapenen epeak luzatuz. Hau da, Madrilen erabaki dute zenbat egunetara joan behar duen irakasle ordezkoak irakasle bat faltatuz gero (hamar egunera!); erabaki dute asteko zenbat ordu lektibo eman behar duten irakasleek (gauza horiek ez lirateke sindikatuekin negoziatu behar? Barka, badakigu sindikatuen suntsitze prozesuan dabiltzala, batzuk eta besteak). Ez dakit autonomia den, baina izatekotan oso esparru estuan mugi gaitezke “autonomikoki”. Lakuatik murrizketa latzak jarri ziren martxan Isabel Celaáren agintaldian eta oraingo Cristina Uriarteren gestioak bere horretan mantendu ditu murrizketa gehien gehienak. Baina nahikoa ez da, antza, eta Madrilen diseinatutako artazi kolpeak ere jasan beharrekoak zaizkigu:

http://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20160622/eh-bildu-insta-a-lakua-a-implicarse-con-valentia-contra-los-recortes-en-educacion

Espainiako azken hauteskundeetako emaitzak lotsagarriak izan dira, ustelkeria eta lotsagabekeria botoen zilegitasunaz estali baitituzte. Ez espero handik aldaketa/erreforma/iraultza/… handirik Espainiaren gainean. Penintsulako herriek bere etorkizuna erabakitzeari ez zaizkio ateak irekiko estatuan eginiko balizko erreformaren batean; ez, gutxienez, datozen urteotan. Are gehiago, gure “autonomia” honekiko errespetuan ez itxaron aurrerapenik; izatekotan, kontrakoa.

Gauzak horrela, egunen batean, Urkulluk eta konpainiak malenkoniaz gogora litzakete beren “Glory Days”, gobernu bat eta nolabaiteko agintea zuteneko  egun haiek. Norbait zirelakoan, gobernu baten gidariak zirelako ustean bizi ziren garai haiek gogoratuko dituzte agian, besaulkian, hemendik urte batzuetara, arratsari begira, Bruce handiak kantatu zuen moduan:

 

/