0 iruzkin

Irakasleak ebaluatu?

“Nork epaitzen du epailea?”, “nork zaintzen du zaindaria?”,  bezalako galderek badute interesa, ohiko egoerari buelta emanez rol aldaketa dakartelako. Azken boladan irakasleekin ari da horixe eztabaidatzen, eta interesekoa da planteamendua, mintzagai dabilena: irakasleak (normalean ebaluatu egiten duten horiek) ebaluatzeko beharra.

Nondik etorri da kontu hau orain? Bada, J. A. Marina filosofo espainiarrak planteatu du gaia berriki Madrilgo Hezkuntza Ministerioarentzat egin duen txosten batean. “Liburu zuria” enkargatu zioten, hezkuntza hobetzeko asmoaz edo. Txosten horren edukia ezagutu nahi duenak hemen dauka:

http://www.mecd.gob.es/mecd/gl/dms/mecd/destacados/libro-blanco/libro-blanco-resumen-ejecutivo.pdf

Bertan era askotako proposamenak egiten dira, batzuk bitxi samarrak (estatu mailako Eskola Kontseiluaren lehendakaritza erregeak berak eduki beharko lukeela, adibidez), beste batzuk agerikoak edonorentzat (irakaskuntza metodologiak berritzeko beharra). Hala ere, hauts gehien harrotu duten proposamenak irakasleon ebaluazioaz eginikoak izan dira.

Irakasleon ebaluazioa, irakasleon “karrera”-rekin lotzen da proposamenean, eta “karrera” delako horrek erlazio zuzena izango luke irakasleak kobratzen duen soldatarekin. Ez dira kontu berriak, “irakasle karrera” delako hauek. Niri zalantza ugari sortzen dit prozedura honek: irakasleak bultzatuko dituzte jarritako baldintzen arabera aritzera, beren karreran aurrera egiteko; eta hori prozesu administratiboa izango da (ziurtagiriz justifikatutako ikastaroak, esperientziak eta abar); horrekin hobetuko da hezkuntza? Zertxobait gehiago edo gutxiago kobratzeak irakaskuntzaren kalitatean lagunduko du, astoari muturren aurrean azenoria jartzea bezala? Esperientzia oso gertukoa dugu: Celaáren agintalditik tutoretzak gehigarri ekonomikoa suposatzen dute irakaskuntza publikoan; tutoretzetan hobekuntza nabarmenik egon al da? Horretan dabilenak badaki erantzuna. Batzuek uste dute diruak dena mugi dezakeela, eta elkarrekiko lehia pizgarria dela. Ez beti, ez leku guztietan.

Sindikaturen batek, bestalde, kritikatu du ikasleek beraiek irakasleon ebaluazioan parte hartzeko ideia zabaldu izana; ez zaio onargarria iruditu, nonbait, ikasleek auzi honetan ahotsik izatea. Nik, egia esan, ez dut ulertzen: nork daki ikasleek beraiek baino hobeto zein irakaslek egiten duen lana ondo, zeinek dakien irakasten?. Pentsa ezazu zeure ikasle esperientzian: gai sentitzen zara adierazteko nor izan den irakasle ona eta nor ez hain ona? Bada, hori.

Irakasleon ebaluazioaz, Cristina Uriarte Jaurlaritzaren Kontseilariak adierazi du berriki “irakaslerik onenak” nahi dituela euskal hezkuntza sisteman, eta horregatik ebaluazioa bultzatuko duela. Egia izan, “irakaslerik onenak” neuk ere nahi nituzke, baina “irakasleak” soilik balira ez legoke gaizki: izan ere,  bigarren hezkuntzan norbait gaixotzen denean ikasleek hainbat egun ematen dute irakaslerik gabe, astebetera bidaltzen baitute ordezkoa. Ez litzaiguke gaizki etorriko irakasle bat tarteko aste horretan, munduko onena ez bada ere. Irakaskuntza publikoan, irakasleen ordezkapenak Isabel Celaáren agintalditik atzeratzen dira (lehenago lehen egunetik betetzen zen hutsunea); oraingo gobernuak aurrekoak eginiko murrizketak (hau eta beste asko) mantentzen dituenez, honela gabiltza. Inork Cristina Uriarte ikusten badu, esan diezaiola irakasle onenak bilatzea ongi dagoela, baina bitartean irakasle ez hain onak topatzen baditu, bidaltzeko eskoletara ordezkapenak egitera!

/