1 iruzkin

JE SUIS TXISTULARI

Duela hilabete gutxi guztiak ziren “Charlie”, adierazpen askatasunaren defendatzaile sutsuak. Rajoy bera Parisera joan zen kalean “Je suis Charlie” adierazteko. Pozgarria, adierazpen askatasunarekin konprometitutako horrenbeste politikari, kazetari, eta abar ikustea.

Baina, kontxo, handik gutxira milaka pertsonak  txistuka eta askatasunez beren iritzia minutu labur batez adierazten dutenean, horiexek beraiek fiskaltza eta legeak hasi dira mugitzen zigor baten beharra aldarrikatzen duten bitartean. “Les txistularis ne sont pas Charlie”, ala?

Charlie Hebdo aldizkariak, bere sen satirikoari jarraituz, ez zuen erakusten errespetu handirik sineskeriekin, erakundeekin … eta hori, seguruenik,  osasuntsua da demokrazia batean,  kritikari ateak zabalik uztea. Hori ez al da adierazpen askatasunaren muina?

Baina oraingoan, herritar ugarik ozenki himnoa eta erregea txistukatzen dutenean … ekintza onartezina, biolentoa, arrazista, antidemokratikoa eta ez dakit zenbat gauza gehiago den. Felipe Borboikoak edo “Marcha Real” izeneko melodia horrek Mahomak baino errespetu gehiago merezi dute? Mahoma, monarkia,  eliza katolikoa, komunismoa ... adibidez, satirizatzen direnean jende asko senti daiteke minduta. Debekatu edo zigortu behar dira, beraz, honelako jarduerak? Espainiar Estatuaren demokrazia eta tolerantzia noraino heltzen den argi geratzen da honelakoetan.

Batzuek, argudioen bilaketa ia ridikuluan espainiarren kontrako arrazakeria egotzi diete txistulariei. Horrekin estali nahi da benetako arazoa. Hobeto esanda, benetako arazoak, bi baitira nagusiki:

-          Monarkiaren aurkako jarrera gero eta zabalagoa, eta esan behar da Espainiako Borboiek  meritu handiak egin dituztela horretarako. Ni harritzen nauena ez da behin txistuak entzuteak, baizik eta txisturik ez entzuteak  Borboiak agertzen diren edozein lekutan.

-          Eta horrekin batera Euskal Herrian eta Katalunian  garatzen ari den prozesu soberanistak daude. Izan ere ,herritar askorentzat himno hori arrotza da, inposizio baten ikurra, bere etorkizuna askatasunez hautatzea uzten ez dion sistema baten sinboloa. Horren aurrean, txistuak duintasun espresioa ere badira, inposizioa onartzen ez duten herritarren ahotsa. Izan ere, errespetuak bi norabideko errepidea behar du izan: errespetatuko zaitut eta errespetatuko nauzu, askatasunean.

Ez dakit zigorrik egon daitekeen. Baliteke. Ohituta gaude honelako errepresio bortitz eta neurrigabeekin. Duela gutxi gazte batzuk kartzelaratu dituzte lan politikoa (kartelak, pintadak) antolatzeagatik; eta asko dira oraindik ere honelako epaiketak eta zigorrak jasaten dituzten gazteak eta ez hain gazteak.  Dirudienez, haiek ere ez dira Charlie.

Demokrazia lezioak, gainera, ematen dizkigute Barcelonako txistukadaren aitzakiaz …

Baina, hau ez al da demokrazia lezioa?:

/