0 iruzkin

Mozorroen dantza

Inauteriak pasatu dira baina mozorro dantzan jarraitzen dugu. EAEn Heziberri dekretuak badoaz publikatzen, baina Heziberriri txapela kenduta, halehop, LOMCE bera da Heziberriren atzean antzematen dena. LOMCE betetzeko euskal bidea da Heziberri. Bagenekien, eta horregatik ez gaitu harritzen. Galdera honakoa da: zergatik berrantolatu behar da hezkuntza orain, LOMCE bete-betean dagoenean? Zergatik lege berriak planteatu, noiz eta LOMCEren eraginpeko garaian? Hamarkadak pasatu ditugu EAEko oinarrizko egitura legalean aldaketa handirik gabe eta orain, justu orain, egin behar da berrantolaketa eta lege berria? Interes batzuk badaudela susmatzeko arrazoiak izan baditugu, mozorroak mozorro.

Nafarroan mozorroen dantza hezkuntzako oposizioen musikarekin egin da. Sektorearen gehiengo sindikalarekin adostasunean eta irizpide teknikoen araberako deialdia aldarrikatu zen. Baina deialdiari euskarazko plaza askotxo zirela iritzi zioten batzuek. Euskarazko plaza gehiegi Podemos, Ezkerra eta CCOOrentzat, besteak beste (ez ditut aipatuko bere burua ezkerrekotzat ez dutenak). Euskarak eragin du Nafarroako gobernuaren lehen krisi larria, Podemosek eta Ezkerrak gobernua babesten baitute. Mozorroa eranztea erabaki dute: Hezkuntza Departamentuko teknikariek irizpide teknikoekin proposatutako banaketa “desorekatua” iruditu zitzaien, euskara gehiegi. Eta, dirudienez, langileen ordezkaritzaren adostasunaren gainetik beste oreka batzuk bilatu behar zituzten “ezkerreko” hauek. Azken momentuan gobernuak balizko errekurtsoaren aitzakiarekin euskarazko plazak murriztu zituen eta arazoa “konpondu”. Baina mozorroa jantzi, mozorroa erantzi, baten bat ipurdia begi bistan geratu da era lotsagarrian.

Espainia aldeko poliziak eta epaileak inauterietan tonto mozorroa jantzi zuten, fikzioa eta errealitatea ez dutela bereizten sinestarazteko. Honela egin zuten gogoko ez zituzten bi titiritero giltzapean sartzeko eta bide batez eskerreko udalari zaplada emateko. Aitzakia, betikoa, terrorismoa, edozertarako balio duena. Triste baino tristeagoa Carmena alkatearena: bekatari jantziaz atera zen barkamena eskatuz, zergatik, eta txotxongilo obra batengatik. Zer aukera galdu duen duintasunez janzteko! Zer nolako aukera galdu adierazteko astakeria dela demokrazia batean bi titiriteroak honela espetxeratzea! Umeentzako programazioan egon zitekeen akatsa onartu eta segituan antolatutako eskandalua eta errepresio latza salatu, hori bai pedagogia demokratikoa izan zitekeela. Baina ez, koldar jokatu zuen Carmenak, beldurrari espazioa zabaltzen utziz. Bekatari mozorroa ez zegokion batere ondo, eta gainera, ez dio zelatan dituen piztiak lasaitzeko balio izango, aseezinak dira.

Bestalde, Pedro Sánchez alderdi sozialistakoak ez du erantzi inauterietan hartutako estadista mozorroa eta han jarraitzen du, batarekin eta bestearekin hitz egiten, kiniela asmatzea baina zailagoa dirudien gobernua lortzeko ahaleginetan. Presidentea izan nahi du, besteak beste bere burua salbatzeko, inguruan dituen partidukideak aizkorak zorrozten gauero entzuten ari baititu. Hauteskundeak berriro deitzen badira borroka latza egongo da Sánchez kentzeko eta hautagai berria jartzeko. Aukera bakarra du Sánchezek: presidentea izan eta horrek ematen duen distiraren atzean babesteko. Hala ere, egitasmoa zaila dirudi, berriro hauteskundeak egongo direla iragartzen dute analista politiko gehienek.

Inauteriak ez dira amaitu, mozorro dantzan jarraitzen dugu.

/