0 iruzkin

Pe-da-go-gi-a

Berriki proposamena egin du Frantziako PSk Iparraldeko kantonamenduak berrantolatzeko. Espero genezakeen moduan, proposamenak ez ditu errespetatzen Ipar Euskal Herriko muga historikoak:

http://www.naiz.info/eu/actualidad/noticia/20131030/kantonamenduak-berrantolatzeko-psren-planak-ez-ditu-euskal-herriko-mugak-aintzat-hartzen

Horren aurkako iritziak eta mugimenduak hasi dira, eta komeni da honelako egitasmoei erantzun sendoa ematea. Baina Iparraldean, Hegoaldean bezala, funtsezkoena seguruenik honekin batera pedagogia egitea da, hau da, aukera probetxatzea Euskal Herriaren errealitatearen inguruko inguruko analisiak, ideiak eta sentsibilitatea lantzeko, sozializazio lanaren bidez. Horretan daramatzate urteak Catalunyan eta horren fruituak orain jasotzen ari dira. Aurretik pedagogiaz erein eta erein ostean.

Pedagogiaz hitz egitean, oroitzen naiz nola, duela urte batzuk, irakasle batek esaten zigun ikastaro batean ahoskatzea zaindu behar genuela. Eskatzen zigun, batez ere era formalean eta jarduera akademikoetan, euskara batuaren arauak errespetatzeko, adibidez, "pedagogia" ahoskatzean, -gi- hori "gi-zon" hitzarena bezala egiteko, hau da, "pe-da-go-gi-a", eta ez gure artean ohikoa den pe-da-go-ji-a (adituek esango lukete [g] eta ez [x]). Oso arraroa egiten zitzaigun, arrotza, imagina ezazu: "ge-o-gra-fi-a", eta ez "je-o-gra-fi-a"; edo "ge-o-lo-gi-a" eta ez "je-o-lo-ji-a". Gure kezak eta burlaren bat entzutean, zera esan zigun: "Iparraldeko euskaldunentzat ohiko ahoskera da hori; "g" ahoskatzeak hurbiltzen gaitu". Arrazoi borobila izan zen niretzat, behintzat.

Askotan ibili naiz Iparraldean, batez ere Zuberoan eta Nafarroa Beherean; azken aldia duela egun batzuk. Han beti saiatzen naiz euskaraz egiten, besteak beste Gipuzkoako ezagutza baino handiagoa dagoelako, inkesten arabera. Beti harritu nau zenbat oztopo jartzen dizuten ikusteak: egiten dizute gazteleraz, ez entzunarena egiten dute, frantsesean erantzun, nahiz eta argi dagoen zure galdera ulertu dutela ... Etsipen moduko bat sortu zait askotan; duela egun batzuetako bidaian ere bai.

Agian pedagogia gehiago beharko genuke, eta pedagojia gutxiago. Izan ere, umiltasuna izan dut biderik onena iparraldeko euskaldunekin üskaraz edota eskuaraz egiteko. Apal joanda, ate gehiago irekitzen zaizkizu. Pedagogia behar dugu Iparraldekoekin loturak estutzeko eta harremanak ugaritzeko. Pedagogia batez ere guretzat, bestearen egoera eta ikuspegia uler dezagun. Bide horretatik erein ahal izango dugu garai batean jaso beharko den uzta.

 

 

/