Beñat Zarrabeitia

KAIOLATIK BINAKAKORA, PIT-STOP GABE

 

Kaiolako txapelketa amaitu berri da eta frontoiak distantziaz aldatuko du aspaldiko partez. Iada ahaztuak diren hamargarren koadroa, errebotea, atzelarien lana…berriz ere pilotazaleen ikuskizun bilakatuko dira: binakako txapelketa hastera doa. Azken asteotan zurrumurruak etengabeak ziren, pilotarien artean ere zalantzak nabariak, baina asteartean guztiak argitu ziren Zarautzen egin zen aurkezpenean. Mikel Goñi berak bikote mixtoren bat egongo zela uste zuen, baina ez zen fin ibili bere iragarpenetan. Horrelako txapelketa luze bat antolatzea, bikoteen arteko berdintasuna ziurtatzea eta bakoitzaren egoera fisikoa, eta baztez ere, psikologikoa aztertzeak denbora ematen du, nola ez. Badirudi behintzat parekotasuna izan dela gehien nabarmendu den ezaugarria bikoteen izenak plazaratu zirenean, hori baitzen aurreko txapelketan gehien kritikatu zena eta. Bestalde, Zabaleta eta Ibai Zabala debutariak, Gonzalezen partehartzearekin batera, izan dira aurkezpen horretako sorpresak, postu bat lortzeko horiekin lehiean aritu direnen kaltetan: Laskurain, Apraiz eta Ezkurdia, hurrenez hurren.

Jakinak iada bikoteak zeintzuk diren eta kontuan hartuta txapelketaren amaiera  udaberrian izango dela, eskuetako arazoak eta forma egokia mantentzea funtsezkoak izango dira. Final-laurdenetako ligatxuak 14 jardunaldi izango ditu, non bikote guztiak elkarren aurka bi aldiz jokatu beharko duten. Ondoren, finalerdietako ligatxuak beste hiru jardunaldi izango ditu eta azkenik, finala apirilaren 28an jokatuko da. Final hori errepikatzen saiatuko dira pasaden urteko txapeldunak, Titin III eta Merino II. Enpresak ez du nahi izan errioxar bikotea banatzea (kirol edo enpresa interesak ote?), bai bata zein bestearen jokua nahiko eskasa izaten ari delarik azken asteotan. Hala ere, soberan ezagutzen dugu Augusto, eta kontuan hartuta atzean daramaten zaletu sutsua, David edozein momentutan iratzarri daiteke eta sekulako gerra eman. Bestalde, final horretan erori zen Xala eta aurten bere atzelari izango den Abel Barriolak ere zalantza asko sortarazten dizkigute. Iparraldeko aurrelariak banakako txapela irabazi zuenetik buru altxatu ezinik dabil, eta Leitzako atzelariak segurtasuna beti izan du berezkoa, baina ematen du golpez nahiko justu dabilela azkenaldian.

Aspeko bikoteekin jarraituz, debutari batek izango duen papera aipatuko dugu, izan ere, Zabaletak Iberoko aurrelaria izango baitu tantoa bukatzeko lanetan lagun. Aukera paregabea bere doaik txapelketa ofiziak batean erakusteko, lagunarteko partiduetatik at. Hasiera batean, gehienek faboritotzat hartzen duten bikotea hauxe da, Zabaleta erakustaldiak ematen ari baita jokatzen duen frontoi  bakoitzean, eta Irujo…..pilotazaleok badakigu nor den Irujo, onena eta txarrena emateko gai den pilotaria, batzuen gustoko izan eta besteek gorroto dutelarik. Azkenik, pasaden urteko ausentzia nagusia berriz ere kantxaratuko da pilotalekuetara zuriz jantzita. Askok Azkaineko aurrelaria den Gonzalez txapelketatik kanpo ikusten zuten, Ezkurdiaren izena ozen entzuten zelarik, baina azkenean esperientzia gailendu zaio gaztearen ilusioari, eta Zubietarekin batera bikote arriskutsua osatuko dute, edozeinen aurka irabazi zein galtzeko gaitasuna dutelarik. Kontuz bikote honekin.

 

 

Partehartzaileen azterketa eten gabe, Asergarce enpresakoak ikusiko ditugu orain. Kasu honetan hartu duten erabaki aipagarriena atzelari berriztarra sartzea izan da, eta gainera Aimar handia bikote duela. Goizuetako aurrelariari aurre egingo dionik ez da momentu honetan. Zabalak, berriz, urteetan egindako lanaren saria jaso du. Kontraesana badirudi ere, esperientzia handiko debutaria da Ibai, bizkartzain egokia Olaizolarentzat, azken hau edozenekin jokatuta ere faboritotzat hartzen dugularik beti ere. Esan beharra dago atzelarien arteko lehian gaizkien atera dena Apraiz izan dela, askok titular bezala ikusten baitzuten. Lau´terdiko beste finalistak, Oinatz Bengoetxeak, Beroizekin osatuko du bikotea. Aurrean Leitzarrari tantu bat sartzea lan oso zaila da, eta berdina gertatzen da Mikelekin atzeko koadroetan, beraz, aurreikusi daiteke bikote hau garaitzeko tantu bakoitza gogor borrokatu beharko dutela gainerako bikoteek. Kontuan hartzeko beste bikote bat izango da, dudarik gabe.

Nola ez, Pablito txikia ere ezinbesteko osagaia izango da ikusleen txaloak erakartzerako orduan, berarentzat perfektua den atzelari indartsu batekin jokatuko duelarik. Bikote honen lana argi dago: Albisuk atzean agiandu bere pilotakada gogorrekin eta aurrean berriztarrak aukera horiek aprobetxatu bere erremate txundigarriekin. Bikote honen maila Albisuk erakusten duen sendotasunari lotuta egongo da neurri handi batean. Enpresa honen bikoteekin bukatzeko, Arretxe eta Beginok osatzen dutena daukagu, txapelketako bikoterik ahulenetakoa izan daitekeena lehenengo begirada batean. Beginok Olaizolarekin binakakoa irabazi zuen 2011ean, baina pasaden urtean ez zuen berretsi berezkoa duen maila hori, eta Ikerrek bere maila erakusteko aukera paregabe izango du Auzako atzelariak konfiantza ematen badio.

 

Gauzak horrela, txapelketa luze eta eder bat ikusteko aukera izango dugula uste dut. Enpresak parekotasuna bilatu eta azkenean aurkitu dutela ematen du, txapelketak espektakulua eta emozioa izateko ezinbestekoa baita hori horrela izatea. Pilotazaleak aste honetararte ea binakakoa nortzuk jokatuko zuten zalatzan bazuten, hemendik aurrera betiko apustuak hasiko dira botatzen, hori ziur, kirol honek duen xarma bat horixe da eta. Nik ere, zuen baimenarekin, finalerdikoetan ikusten ditudan bikoteak aipatuko ditut: Irujo-Zabaleta, Olaizola-Zabala, Gonzalez-Zubieta eta Berasaluze-Albisu. Zuetako asko ez zarete nirekin ados egongo, batez ere aukeratu ditudan azken bi bikoteak hain goian jartzerakoan, baina gauza batean denok bat gatoz, egia galanta den esaldi batean: frontoiak pilotari bakoitza dagokion tokian jarriko du.

 

Asier Aspuru Agorria - Pilotaria eta ekonomilaria @AsierAspuru