ttiklik blog naiz

Haurra gehiegi babestea: ohiko uste okerrak - Sobreprotección: Errores frecuentes

Guraso.com-etik jasoa

Erdarazko bertsioa: SOBREPROTECCIÓN

Gurasoek ahulak balira bezala tratatzen ditugu gure seme-alabak, baina benetan diruditena baino askoz ere indartsuagoak dira.

Sobreproteccion

Sarritan beldur izaten gara, mundua esploratzeko duten gogo bizia dela-eta, min egingo ote duten. Urte batekin, haurrak idependenteak izaten eta inguruko guztia ikertzen hasten dira: topatzen duten edozer ukitu, miazkatu, usaindu egiten dute.

Gurasoek uste dugu hori egitea arriskutsua dela eta, batzuetan, haurrak gehiegi babesten ditugu, hala hobeto zainduta egongo direlakoan. Ez erori uste oker horietan eta utzi zure haurrari bere aurkikuntzekin gozatzen!

 

Garbitasuna: egunero bainatu?


  • Okerra: higienea inportantea da baina ez dugu horrekin itsutu behar. Jende askorentzat, bainua lotara joateko erritualaren parte bat da eta lasaitzeko eta gurasoekin jolasteko tartetxoa da. Hala bada, eutsi egingo diogu
  • Urtebeteko ume batek, parketik hareaz goitik behera zikindua etortzen ez bada behintzat, ez dauka egunero zertan bainatu behar. Pixoihalak aldatu ondoren ipurditxoa garbi badauka eta jan aurretik eta lotara joan aurretik eskuak ondo garbitzen baditu, bainua nahierara txandaka dezakegu.


Ondo-ondo berotu


  • Okerra: gurasoek sarrienik egiten dugun okerretako bat da, batez ere haurrek hotzeria harrapatuko duten beldurrez. Pedriatrek argi eta garbi diote: hotzeria kutsatze bidez harrapatzen da, ez hotza pasatzeagatik. Ume batek, lo dagoela, arropak eranzten baditu, beroak dagoelako egiten du.




Erortzen bada, altxatzera lasterka joan


  • Okerra: Gurasoek oso gaizki pasatzen dugu gure txikia lurrera jausten denean. Normala da gure seme edo alaba babestu nahi izatea eta min har lezakeela-eta beldur izatea. Baina ez da umea gehiegi babestu behar, ez eta haren jarduteko eremua mugatu behar ere.
 
  • Haurrek gu erne egotea behar dute, baina egin behar dutenari mugak jarri barik. Hobe da haur batek sentitzea bere kabuz ibiltzeko balio duela, egingo duen guztia arriskutsua den sentipena edukitzea baino.



Nola lagun diezaiokegu oztopoak gainditzen?

  • Saiatzen eta kale egiten utzita.
  • Ikastea behin eta berriro huts egitea da.
  • Gurasoek euren haurrak hutsegiteak gainditzera animatzen dituztenean, transmititzen ari direna da haurrek euren helburuak lor ditzaketela.
  • Ahalegin positiboek aurrera egiten laguntzen diete haurrei.

 

Mugimendu biziko jolasak saihestu


  • Okerra: besoetatik heldu eta haurra biraraztea, zaldi gainean eramatea edo hegazkina balitz bezala hegan eramatea; horiek guztiak jolas arriskutsuak direla irudi lezake, haurrak min har lezakeelako. 

Hala ere, haurrak oso gogokoak ditu halako jolasak eta, gainera, bere garapen kognitiboari on egiten diote: bira edo kulunka bakoitzarekin, nerbio zelulak biderkatu egiten dira eta elkarren artean konektatzen dira. Halako jolasek, gainera, zentzumenen eta sistema motorraren arteko koordinazioa indartzen dute; baita orekaren zentzua akuilatzen ere.

 



Jan dezaten, edozein bitarteko erabili


  • Okerra: Aro hau bat etorri ohi da dieta askotarikoago bat jaten hastearekin eta horren xehaturik ez dauden elikagaiak jaten hastearekin. Eta haur gehienei kosta egiten zaie horretara ohitzea. Hori dela eta, aita-ama asko larritu egiten dira euren umeak, ordura arte jatun ona izandakoak, aste batzuetan «jateari utzi diolako».

  • Haurrek badakite zer eta zenbat jan behar duten, eta adin honi dagokion aktibitateari eusten badiote eta pozik badaude, horrek esan nahi du ez daukatela gehiago jan beharrik.

  • Hamabi hilabeteren ondoren, haurrek gutxiago jaten dute, bularreko haurrak zirenean baino askoz ere motelago hazten baitira eta haien elikadura beharrak ere txikiagoak baitira.

     



Gaixotu egingo den beldurrez, haurra haurtzaindegira ez eramatea


  • Okerra: Haur bat haurtzaindegira joaten denean, gurasoek lan egiten dutelako eta etxean eduki ezin dutelako da. Umezain bat ere kontrata dezakete, edo bestela aitona-amonen etxera eraman, haurtzaindegira joan ez eta gaixotasunik kutsa ez diezaioten. Haurtzaindegira joanda, haurrek sarritan gaixotzeko aukera eta arrisku handiagoa daukate, batez ere lehenengo urtean. Baina ez dezagun geure burua engaina: etxean geratuta ere gaixotu egiten dira.

  • Ez da komeni haurra kristalezko burbuila batean sartuta edukitzea gaixotasun nahiz infekzioak ekiditeko, izan ere, gaixotasunak eta infekzioak erabat ohikoak dira adin horretan eta haurraren inmunitate sistema indartzen dute.
 
  • Mundu errealean sartzea atzeratuta, haurrek ez dute kontakturik izaten beste haur batzuekin eta, honenbestez, sozializazioa atzeratzen dugu.





 

Irteten dugunean haurra etxean utzi


  • Okerra: umea jaiotzen denetik, askoz ere zailagoa da lehen normalak iruditzen zitzaizkigun gauzak egitea, esaterako, bazkaltzera kanpora joatea edo lagunekin geratzea kafe bat hartzeko. 

Lehen hiletan, inoiz baino lotuago gaude haurraren jatordu nahiz lotorduekin, baina urtebeterekin txikia gurekin eraman dezakegu jadanik. Haur batzuek janaria etxetik prestatuta eramatea beharko dute, gero edozein jatetxetan arazo barik berotzeko, baina beste askok kartak eskaintzen duena jan ahal izango dute. Hori bai, ziurta ezazu establezimenduan ezin dela erre eta giroa ez dela oso zaratatsua, haurra ez dadin urduri jarri.

Egilea: Luz Bartivas
Aholkularia: Alejandro Amigo de Migel
guraso.com
Irudiak: Santiago Abarca Mazzini