0 iruzkin

«Otra vida es posible, con otras prioridades»

EUSKARAZ: «Gure haurrak hazten eragozten digun bizitza eredua aldatu behar da»

 

Carlos Gonzalez pediatrak (Zaragoza, 1960) hitzaldia egingo du datorren ostiralean, hilak 13, Igartza jauregian, Beasainen. Ttiklik!elkarguneak antolatuta eta Irriargi elkarteak lagunduta besteak beste, haurren behar afektiboak eta haurren aurreneko garaietako elikadura izango ditu hizpide. Nazioarteko Esnearen Ligako Osasun Aholkularitzako kide da eta 1992tik 100 ikastarotik gora eman ditu osasun alorreko profesionalentzat. Metodo konduktistaren kontra, tartean Eduard Estivill espezialistarena, atxikimenduz haztearen defendatzaile sutsua da.

Zemanta Related Posts ThumbnailInformazioa nonahi eskura dagoen garai hauetan, sarea eta liburutegiak hazieraren inguruko liburuz beteta daude. Zerk eraman zaitu idaztera?
Guraso batzuek (eta nire editorialak) ume hazixeagoen inguruan idazteko eskatu zidaten, eta niri idaztea gustatzen zaidanez, animatu egin nintzen.

Azken hamarkadetan eta gaur egunera arte, hazieraren, edoskitzearen eta umeen elikaduraren inguruko mito ugari zabaldu dira. Baina, tradizionalki eman izan den hazierara itzultzen ari al da gizartea?
Zentzu batzuetan bai. Izan ere, amagandiko edoskitzea izugarri ari da ugaritzen, eta gero eta guraso gehiago dira beren seme-alabekin lo egitera animatzen direnak (edo hori egiten dutela errekonozitzen dutenak). Bestalde, ordea, orain mende bat ohikoa zen seme-alabei zaplaztean ematea edo latigoarekin jotzea, edo gela ilunetan egotera zigortzea. Espero dut gauza horiek betirako desagertu izana.

Umeak besoetan eramatea, nahi duten guztietan bularra ematea edo beraiekin lo egitea umea gaizki heztea dela diote batzuek. Horrela dela uste duzu?
Uste dut oihu egitea, jotzea, umilatzea eta mehatxu egitea dela gaizki heztea. Uste dut umeei kasurik ez egitea, edo beraiekin denbora gutxi pasatzea dela gaizki heztea. Baina maitasunak ez du inoiz inor gaizki hezi.

Zeintzuk dira mezu horien ondorioak? Uste duzu errudun sentitzen diren amengana iristen direla? 
Kasu batzuetan bai. Guraso batzuek, bihotzeko min handirekin, haurrak besoetan ez hartzen edo negar egiten uzten saiatzen ziren, mundu guztiak hori «txarra» zela esaten baitzien. Beste guraso batzuek egin egiten zuten, debekuen gainetik, baina beldurrarekin eta errudun sentituta egiten zuten. Horregatik idatzi ditut nire liburuak.

Zuk defendatzen duzunaren arabera, gurasoetako bat etxean geratu eta haurren ardura izan behar du. Gaur egungo gizartean, hori posible al da? Bizitzeko modua aldatu beharko litzateke?
Bai, ez dut zalantzarik, gure bizitzeko era aldatu beharko genuke, gure haurrak haztea eragozten digun bizitza eredua ezegokia eta jasangaitza delako. Eta beste bizitza eredu bat posible da, beste lehentasun batzuekin. Alemanian, iparraldeko herrialdeetan, umerik gehienak gurasoekin egoten dira lehenengo sei urteetan.

Duela gutxi, katalan batekin ezkondutako ama belgiar bat ezagutu nuen. Esan zidan bere amaginarreba eskandalizatuta zegoela, funtzionario lanpostu bat utzi zuelako bere haurra zaintzeko. Komentario kurioso bat egin zidan: «Ikusten dudanez, Espainian emakumezkoak agindutakoa egitera ohituta daude: lanera joan behar da eta lan egiten dute, ezin dute erabaki. Pentsatzen dut frankismoaren hondarrak direla».

Jokabide horiekin umeak kaltetuak izan daitezke?
Umeak dagoeneko kaltetuta daude. Aurretik inoiz ez zuten haurrek hainbeste denbora pasa gurasoengandik banaduta. Nik ez nuen eskolarik zapaldu 5 urtera arte. Orain, haurrik gehienak sei hilabete baino lehen eskolaratzen dituzte.

Zer ari da gertatzen hainbeste emakumek bularrik ezin dutela eman uste izateko?
Egia esan, garai hori pasatzen ari da. Interes komertzial, presio sozioekonomiko eta medikuntza alorreko akats ugari behar izan ziren horrenbeste emakume engainatzeko. Baina hori aldatzen ari da; gero eta emakume gehiago dira bularra eman dezaketela dakitenak.

Arazo errealak dira edo informazio faltagatik gertatzen da?
Ttiklik eta Irriargi elkarteko amei esker, adibidez, profesional on askori esker, gero eta ama gehiago daude ondo informatuta.

Noiz arte eman dezake bularra ama batek?
Amak edo haurrak nahi duen arte. Pediatra bezala, medikuntza alorreko aholkuak bakarrik eman ditzaket, baina ez dago datu zientifiko bakar bat ere bizitzako edozein unetan amaren esnea kaltegarria izan daitekeela dioenik. Beste abere baten esnea hartu baldin badaiteke, arrazoi gehiagogatik har daiteke amaren esnea. Mediku batek ez dauka eskubiderik umeari hainbeste bular ez emateko esateko.

Pediatren egitekoa al da umeek nola lo egin behar duten, umeak non eduki behar diren eta halako aholkuak ematea?
Umearen osasunean eragin dezakeenean bakarrik. Adibidez, oso argi dago umeak buruz behera edo alde batera begira jarrita lokartzeak, bat-bateko heriotza eragiteko aukerak handitzen dituela. Horregatik, pediatrek umea buruz gora jartzeko aholkatzen dugu (umeak bere kasa ematen badu buelta, ez da ezer gertatzen).

Datuek ziurtatzen dutenez, lehen sei hilabeteetan haurrak beste logela batean lo egiteak bat-bateko heriotza arriskua areagotzen du; horregatik sei hilabetera arte haurrak gurasoen gelan lo egin dezala aholkatzen dugu.

Osasunean eragiten ez duten eta loarekin lotura duten beste gai batzuek ez dute medikuntzarekin loturarik, eta kasu horietan familia bakoitzak erabakiko du zer komeni zaion gehien.

Umeari elikagai solidoak emateko garaiari buruz, pediatra bakoitzak bere irizpideak ditu. Zuk, adibidez, esaten duzu umeak urte bete izan arte bularrarekin asetzen direla behar nutrizionalak. Beraz, nola hasi beharko da ama bat elikagaiak ematen umeari?
Nik sei hilabetetik aurrera bularraz gain beste elikagai batzuk ematea defendatzen dut, une honetan aditu internazional gehienek aholkatzen duten bezala. Baina eskaini, ez behartu, ume batzuk asko jango dutelako, beste batzuek gutxi eta beste batzuek ezer ez.

Sei hilabetetik aurrera ume batzuk (ez denek) amaren esneak eduki dezakeena baino burni gehiago behar dute. Horregatik, lehenengo eskaini behar zaien elikagaien artean oilaskoa edo haragia daude, burni gehien dutenak direlako. Ume batek ez badu oilaskorik edo haragirik jan nahi, burni tantak emango dizkiogu eta arazoa konponduta.

Beste elikagai batzuk emateko arrazoia heziketa ikuspegi batetik egiten da, eta ez nutrizio ikuspegitik: haurrak normal jaten ikasten joan dadila nahi dugu. Hau da, elikadura normala (gurasoek jaten dutena, txikitu gabe) eta bere kabuz jatea, eskuekin eta bere erritmoan. Horregatik, nahiago dut papilarik edo purerik ez ematea, eta sei hilabetetik aurrera umeek beraiek jana ahora eramaten uztea. Aita aditu bezala ematen dudan aholkua da, ez mediku bezala, papilek ez dutelako inolako gaixotasunik eragiten.

Sarri, otorduetan liskarrak sortzen dira. Haurrak jatera behartu behar dira?
Inola ere ez! Ez txarrera oihuka, behartuta, mehatxuekin, edo zigorrekin eta ez onera distraituz, hegazkinarina eginez edo sariak eskainiz. Umea bakean utzi behar da. Behartzeak arazo larriak eragin ditzake haurrengan: gatazkak, goragaleak, jokaera arazoak, eta obesitatea. Umea ez  behartu inoiz jatera.

Txertoen aurka ere gero eta iritzi gehiago zabaltzen ari dira. 
Zoritxarrez badaude pertsona batzuk, medikuak tartean, gurasoak engainatzen eta bere seme-alabak ez bakunatzeko aholkatzen. Oraintxe bertan Espainian Hego Amerika osoan baino gorrin kasu gehigo dago urtean. Polioa Siriara itzuli da eta errefuxiatuen exodoarekin ondoko herrialdeetara berehala iritsi daiteke. Arriskua etengabea da, eta horregatik, En defensa de las vacunas liburuan txertoaren kontrako gezur absurdo bakoitza gezurtatu nahi izan dut.

 

/
azken post-ak
azken iruzkinak