ttiklik blog naiz

Zenbat maite zaitudan...

TTiKLik!

Denbora azkar pasatzen dela ezin ukatu; badira 14 urte ia gurasoak kamioi-kamioilari baten erruz galdu genituela.

Gazte zarenean gurasoak falta izatea gogorra da, aurrera jo behar duzu, bizitza ez da gelditzen eta ezin diozu tren horri joaten utzi.

Denbora pasa ahala, 'bizimodu' berrira ohitzen joaten gara. Barruan dugun mina ez dugu inoiz gaindituko, baina bai, min hori gure parte dela ikasiko dugu, berarekin bizitzera ohituko gara.

Baina konturatu gabe, gure bidai honetan guri ere ama izatea tokatu zaigu. Ama izan den orok, edo ia gehienek behintzet badakite ama izatearekin batera, gure amarekin daukagun atxikimendu edo dagoeneko helduaroan 'gaindituta' geneukan 'dependentzia' hori neurri batean itzuli egiten dela; beraiengana jotzeko tendentzia ikusten da, aholku, laguntza edo mimo batzuk jasotzeko bada ere (nik behintzet nere inguruan hori sumatu dut).

Gaurko sarrera, gure amari eskaini nahi nioke, izenburua 'zenbat maite zaitudan amatxo' bada ere, hau gehituko nioke: 'eta zenbat behar zaitudan, amatxo':

 


 

Txantxangorri batek bezala,amatxo, kantatu nahiko nizuke

goxo-goxo eskatu gabe eman dizkidazun muxuen truke.

Betazalak irekitzerako hatzetik laztanduz mantso-mantso;

Goizero etortzen zarenean ta barre egiten didazunean ze guapa egoten zaren, amatxo!

 

Gauez ez badago izarrik ta banago itzarrik

zurekin ez dut izaten inoiz ametsgaitzen beldurrik

Ez da oso garestia, baina udako marrubi gorriak adina

maite dugu, amatxo, zuri darizun usaina.

 

Edonora joango nintzake oinez,hegaz,zaldiz zein bizikletaz

behar ditudan bide guztien mapa baitago zure eskuetan,

Haserretzen zintudanean trumoi aurpegia jartzen didazu

baina lainoa joaten bada berriro barrezka hasten zara eta magia egiten duzu.

 

Kapa gorriaren ordez daukazu amantala

baina nik ikusten zaitut heroi bat bazina bezala.

Muxuz bete-beterik kolkoa ta irribarre bihurtuz malkoa,

nagusitzean izan nahi dut zu bezalakoa.

 

Batzuetan ukitzen dut goitik behera irrikaz zure sabela

ta hunkitzen naiz pentsatzean neu ere bertatik etorri naizela.

Zu zarenez nire ilargi betea eta ni zure iratxo,

sekretutxo bat esan nahi dizut bihotzean gorde dezazun zuk:

 

Zenbat MAITE ZAITUDAN AMATXO!

 
Miren Amuriza/Maddalen Arzallus (Bertso Egunean, 2010)