Surflari ernegatua

Balioen Lehia

Kirola askotariko balioak transmititzeko bitarteko egokia al da? Batetik, kirola balio etiko eta moralak transmititzeko bitarteko egokia dela diotenak daude; bestetik, kirola, balioak transmititzeko bitarteko egoki bat baino, eremu honetan kirolariaren balio etiko eta moralak zeintzuk diren agerian uzteko bitarteko aproposa dela diotenak. Edonola ere, kirolaren eta balioen arteko harremana ez da zalantzan jartzen.

Horixe da oraintxe bertan aurtengo mundu titulua nork eskuratzea nahi genukeen hautatzeko orduan kontuan hartu beharko genukeena. Iaz, lehen aldiz brasildar batek irabazi zuen munduko txapela eta eztabaida mahai gainean jarri zen: zein desberdintasun dago brasildar baten eta beste herrialdeetako surflarien artean? Batzuek surf egiteko modua aipatzen zuten, besteek surfa ulertzeko modua, beste batzuek lehiarekiko brasildarrek duten jarrera gaitzesten zuten, eta beste batzuk, “gustatzen zait” edo “ez zait gustatzen” bezalako argudio sakonetan ito ziren.

Aurtengoan ataka berean dira WSL zirkuituan, australiar eta brasildarren artean baitago lehia nagusia, eta eztabaida forma hartzen ari da; izan ere, argudioei zentzua ekintzek ematen diete. Joan den irailean Kalifornian izan zen mundu txapelketa esanguratsua izan zen; izan ere, finalean Mick Fanning australiarra eta Adriano de Souza izan ziren, baina gertakari interesgarriena final-laurdenetan gertatu zen, beste behin ere agerian geratu baitzen Gabriel Medinak duen lehia ulertzeko modua. Nat Young estatubatuarraren kontra ari zela lehentasun arauez baliatzea erabaki zuen. Horrela, amerikarrak olatu bat hartu zuen unean Medinak ere olatua hartu eta lotsagabeki bere aurkariaren erruz zutik jarri ezinean zebilela antzeztu zuen, eta bere burua bota zuen aparretara, futbolariek egiten duten bezala.

Aurten brasildar eta australiarren artean dagoen norgehiagoka, balioen lehia ere bada. Adibide bat jarriko dut. Guztiok izango duzue gogoan Ivan Fernandez gasteiztarrak Burlatako Krosean egin zuena. Abel Mutai kenyarrak, lehen postuan iritsi zelakoan, korrika egiteari utzi zion, eta atzetik bigarren postuan zetorren gasteiztarrak bultza egin zion metro batzuk aurrerago zegoen helmuga marra bakoitzak zegokion postuan igaro zezan. Balio kontua da halako egoera baten aurrean txapela eskuratzeko jarrera bat edo bestea izatea. Medina balitz Mutairen atzetik zetorrena, txapela beretzat izango zen, ez zuen bitan pentsatuko, helburua nola edo hala irabaztea baita. Baina halako jarrerekin nork irabazten du?