0 iruzkin

Punttu Break

Berriz ere albiste izan da Teahupoo, Tahitiko olatu beldurgarria, baina oraingo honetan ez da izan norbaitek bertan bizkarra hautsi, hortzak arrezifean utzi, azken hatsa koral artean eman edo txapelketa famaturen bat egin delako. Oraingoan, Hollywoodeko kamerak, aktoreak eta izarrak izan dira bertan. Urautsia beraientzat alokatu eta inoiz hartu ez diren irudiak erregistratu nahi izan dituzte, inoiz egin den modurik basatienean. Alegia, ehun milioi dolarreko aurrekontua duen film bat egiteko gauzak egiten dituzten modu hantustean.

2015eko irailean kaleratu nahi duten filma jada zeresan handia ematen ari da, zeren surf munduan arrakasta gehien izan duen pelikula bat berregiten ari dira.

1991. urtean, Patrick Swaize eta Keanu Reeves aktore nagusi zituen «Point Break» filma egin zen. «Presidente ohiak» izenarekin, surflari talde batek banketxeetan lapurtzen zuen, eta poliziek lapurrak harrapatu ahal izateko surflarien munduan sartu behar zuten

Arrakasta itzela izan zuen film hark, besteak beste, parte hartu zutenen artean surflari onak, aktore lanetan ari diren abeslariak eta antzeko bitxikeriak erakusten dituen filma delako. Surflaria, olatu bat bezala, ikusle arruntek usaindu ere egingo ez dituzten ñabardura asko irakurtzeko gai dira film horretan, eta horregatik da iraungitze datarik gabeko filma surflarien komunitatean.

Orain, bigarren aldiz istorio bera kontatu nahi dute, aktore desberdinekin, diru gehiagorekin, efektu berezi puntakoekin eta batez ere, publizitate gehiagorekin. Erronka zaila da halako hobespena jaso zuen filma berregitea, ez da edonor egitera ausartuko litzatekeen ataza. Behin bakarrik ikusi dut film honen berrargitalpen bat pantailan, eta orain oso gutxi izan da, gainera.

Aurtengo Glissegunerako deia egiteko, film famatua oinarri hartuta Los Angeleseko kostaldeko istorio eta protagonistak gurera ekarri zituzten Lapurdi Surf taldeko kideek. F.B Jai Alai polizia departamentuko Angelo Papas eta Johny Utah detektibeek Ipar Euskal Herriko auzapez ohien maskarekin aurpegiak estalita denda eta saltokietan lapurretak egiten dituzten morroiak surflariak diren susmoa dute. Horrela, Lapurdiko urautsietan aurkitu nahi dute pilotan jolasteko palekin armatuta kostaldean izua zabaltzen ari den taldea.

Filmeko eszena nagusiak bikain irudikatuak dira Biarritz eta Angeluko kaleetan. Droga trafikoaren kontrako operazio batean Glissegunean taloak egiteko surflariek erabiltzen duten irina aurkitzen duten momentua edo Utah gaizkileetako baten atzetik korrika doala erori ostean zerura tiro egiten hasten den momentua bikain irudikatuak daude. Antzezpena itzelezkoa da. «Glisseguna 2014» idatzi Youtuben eta aurkituko duzue «remixa». Kostako zaie Hollywoodeko antzezle eta film egileei halako maisulana gainditzea. Onena, ordea, nire ustetan behintzat, filmaren bigarren zati honi jarri dioten izena da: «Punttu Break».

https://www.youtube.com/watch?v=v4l--s07hK4

/