Iñaki Landa Landa

Mendien artean: A Lama

Santiago de Compostelan geundela, gure bizikleten taldetxoa gutxinaka desegiten joan zen, bakoitzak bere bidaiaren helburuak lortzeko. Talderik gabe, Iñakik eta biok Santiagon pasako genuen azken gauean, ¨Newroz¨ kebapean goiz afaltzea erabaki genuen. 

Hurrengo egunean A Lamara iritsi behar ginen eta pedalei gogor eman beharko genien. Gaua, ostera, luzea izan zen.

Komunera joan etorrian. Kurdu eta euskaldunen arteko elkartasun saioa garesti atera zitzaigun. Kebab-a, saltsa edo dena batera izan ote zen ez dugu inoiz jakingo baina, hau ikusita, hostaleko andreak, logela beranduago uztea utzi zigun. Pontevedraraino behintzat trena hartzea nahitaezkoa zen, horrela ez bait ginen inoiz A Lamara, bizikletaz, iritsiko. Hurrengo goizean hainbeste itxaron osteko bisita geneukan, ondo sentitzea ezinbestekoa zen! Azkenean, eta buelta asko eman ostean, taxian Casa Florencioraino joatea onena zela erabaki genuen.

 

Casa Florencion, espetxe ondoan dagoen euskal herritar eta galiziarren hotel-hostal-tabernan, beste behin, etxean bezala egon ginen. Jabeei gure egoera kontatu besterik ez genien izan, afaltzeko, maitasun guztiz egindako etxeko arroz goxo goxoa eta ¨Hierba Luisa¨ izeneko infusio bat egiteko. Eskerrik asko Casa Florencio!!

Bertan, senide askorekin elkartu ginen, baita geratuta geunden Gaizteizko lagunekin ere.

Gaua, senide guztiok batera pasatu genuen, guztion bisitengatik zegoen urduritasun puntua amatatzeko, agian.

Eta azkenean, hilabeteren ostean, bisita eguna iritsi zen. A Lamako espetxera heldu ginen, mendietan barrena dagoen espetxe hartara.

Hainbeste kilometro egin ostean, berrogei minutuz, kristal hotz bat tartean, laguna ezin ukitu.

 

Ainara Balenciaga

 

Oharra: Eskerrik asko senide guztiei! Lesaka, Iruñea, Bilbo, Gasteiz... Egin zeniguten harrera beroa izan zen, bai horixe!