Eneko Olazabal naizplus blogak

The act of killing (Joshua Oppenheimer, 2012)

The act of killing (Joshua Oppenheimer, 2012). Indonesian gertatutako genozidioaren kontakizuna. Zuzendaria bertaratu egin da, ezezagun zaigun sarraskia kontatze aldera. Gauzatu zutenak agintean dira, pairatu zutenak ez dira kontatzera ausartzen. Nonbait, norbaitek aholkatu zion zuzendariari, gertatutakoa kontatuko bazuen, borreroek kontatzea zela bide bakarra, hain daude harro, hain dira libre.

The act of killing, erailtzearen zera, gertakaria, artea; nola egiten den. Hori azaldu digute, Joshua Oppenheimerren begiradapean, filmeko protagonistek. Azaldu digute guri, eta azaldu diote batez ere beren buruari, munduari euren loria kontatzen ari zirelakoan. Nola egiten den, eta nola egin zuten. Beren buruari ere loria kontatzen ari zirelakoan, eta zer demonio kontatu dioten. Beren buruari, bizitzen berriro ere nolabait ikasia zuenari.

Torturatzaileak dira protagonistak, paramilitarrak, haien lagun izandako prentsaren arduradunak, ministroak. Garaileak denak, gangsterrak; freeman-ak, gizon libreak, euren esanetan. Joan zaie zuzendaria egitasmo batekin. Munduari kontatu egin behar zaio haien historia, eta zer hoberik zinema baino. Zinemazaleak dira gainera. Amerikarrek egin badute, nola ez dute bada eurek egingo. Badute zer kontatua, eta bestek ez egindakoa egin dezakete, konta dezakete. Hala dagite.

Ikusleok ikusiko dugu film epiko, musikal eta gangster film arteko hori nola doan eraikitzen, eta ikusiko ditugu aktoreak ispilu jokoan, ispiluaren, pantailaren bi aldeetara jarrita, ikusle bihurturik aktore bezainbat. Filma eraikitzeaz eginiko filma, filma aitzakia hartuta, bitartean filmatutakoa delarik film. Material benetan erasalea. Eta, akaberan, hainbeste hainbeste gauza kontatu dizkigun film poliedriko, polifilmiko hori bukaturik, gogoa, filmatzen ari zirena muntatuta, amaituta ikusteko, baita filmaketa bera objektu duen kontakizuna nola egin zen azalduko lukeen beste bat lortzeko. Nola iritsi ziren haraino, nola irabazi euren konfiantza, zer egin zuten bukatutakoan. Balizko hiru film, ez dakigu zein panpin txiki ez handi.

Kanpoaldea. Eguna, baina egun arraroska. Koloreak saturatuta oso; berdeak eta zuriak beste koloreei dagozkien tokietara zabaltzen dira. Hainbat jende, oinak geldirik baina dantzan, dilindan; besoak gora. Mendixka bat, eta hondoan, urjauzia. Laster, euretako bat ikusiko dugu, mendixka berean, trapuz jantzitako hiru japoniarrekin batera. Japoniarrek burdinazko haria daramate lepo-inguruan. Domina bat atera patrikatik eta hasierako gizonari jartzen diote. Eskerrak ematen dizkiote, exekutatu dituelako, mundu honetatik libratu eta toki hobe batera, ez txiroak ez komunistak ez diren toki batera bidali dituelako.

Barrualdea. Eguna. Telebista parean, aktore papera egin duen gizona, exekutatzailea, bere buruari begira. Hunkituta dago. Ez zukeela sekula pentsatuko hain gauza ederra egin zezakeenik. Hondoko urjauziak deskribaezinak zaizkion emozioak dakarzkiola.  

Testu hau eta beste Eremuz Kanpo 4X13-n.

Gaia hizpide Paradisu Zinema 47-n