0 iruzkin

Azkena Rock, berdintasunaren doinuei entzungor

Azkena Rock, berdintasunaren doinuei entzungor

Azkena Rock Festival jaialdiak atzo itxi zuen aurtengo kartela eta iaz bezala, oholtza gainean gizon festa nagusituko da. Mendizabalako eremuak hartuko dituen jaialdian arituko diren 40 taldetatik lauk bakarrik taularatzen dituzte emakumezko musikariak. Zehazki, The 5,6,7,8’s, Man and Sister Nicole Izobel Garcia, Joan Jett & The BlackHearts eta Dex Romweber Duo taldeak dira; eta azken honek, gainera, bateria du bakarrik emakumezkoa.

Mendizabalan eskasa bada emakumeen presentzia, hiriko beste txokotan hutsala da. Izan ere, Gasteizko Andra Mari zuriaren plaza dantzan jarriko duten debaldeko kontzertuetan ez da emakume musikaririk ageri, ezta bi egunetan arituko diren zortzi DJ-en artean ere.

Hala Bedi izan da emakumeen presentzia eskasaren aurrean alerta jotzen lehena. «Eta aurtengo Azkena Rock jaialdian emakumeak bakarrik arituko balira?» galdera pausatu eta grafikoki eman du erantzuna. Bete bete ageri den eskaintza musikalaren ondoan, soil soilik emakumeen presentzia duten taldeen kartela ipiniz; hau da, ia hutsik ageri den afixa bat jarriz.

Urtero urtero, udararen etorrera ospatu eta Araba dantzan jartzen duen jaialdia Last Tour enpresak antolatzen du. Haatik, Gasteizko udalak 200.000 euro baino gehiago ematen dizko egiteko horretarako.

Sare sozialetan piztu eta politikagintzan lehertu zen iaz eztabaida. Izan ere, iazko kartelean bi taldek besterik ez zituzten emakume musikariak. Sareetako erabiltzaile askok Last Tour enpresak jasotzen dituen laguntza publikoaren truke, «berdintasun gutxienekoa» ez galdegitea gogor deitoratu zuten iaz.

Sareko eztabaida Gasteizko udaleko pleno aretora eraman zuen EHBilduk eta kulturako ordezkari Estibaliz Canto zinegotzia ados agertu zen emakumeei leku duinagoa emateko ahaleginarekin. Are gehiago, iazko otsailean bertan aritu omen ziren enpresa antolatzailearekin genero ikuspegia txeratzeko beharraz eta, Cantoren arabera, Last Tour enpresak «erabat ulertu» zuen Udalaren jarrera.

Ulertu ala ez, diru publikoz lagundutako aurtengo kartelarekin emakume gutxi oholtzaratzen jarraituko du Azkena Rock Festival jaialdiak.

Amorrua sarean

Eragile feministek eta norbanakoek haserre hartu dute Azkena Rock 2018 jaialdian egongo den emakumeen presentzia eskasa eta sare sozialak erabili dituzte amorrua kaleratzeko modu. #AzkenMatxiruloRock traolarekin sareak kexaz betetzera deitu zuten.

/