Oihana Llorente NAIZ

Greba feministaren abestitzarrak

Gazteleraz, euskaraz, galegoz eta katalanez mintzo da datorren Martxoaren 8ko planto egunari musika banda ipini nahi dion abestia.

Datorren Martxoaren 8an, emakume langileen nazioarteko egunean Euskal Herriko mugimendu feministak “planto” egitera deitu ditu emakumeak. Joan den urtean Latinoamerikako hainbat herrialdeetan antolatutako grebei jarraipena emango zaio aurtengo deialdiarekin. Lau arlo nagusitan eragingo du grebak: lan greba, zaintza greba, ikasle greba eta kontsumo greba.

Sare sozialak deialdiaren bozgorailu indartsuenak dira eta bertan aurkitu dugu ‘Ni haiengatik, haiek niregatik’ izeneko bideoklipa.

Euskal Herriko mugimendu feministaren hamaika irudi bitzen ditu bideoak, bai eta La Basu euskarazko rap abeslariaren ahotsa ere. Harekin batera dira Tremenda Jauríako Mc Machete eta Ganga Dj, Mafalda taldeko Bárbara eta Vera, Gemma Polo (Roba Estesa), Tribade, Kumbia Queers, As Punkereteiras, Viruta eta La Terrorista del Sabor taldeak ere. Izan ere, talde lanean egindako kantua da honakoa.

Orain egun batzuk ikusi zuen argia abestiak, izan ere sare sozialetan zabaldu zuten pasa den otsailaren 15ean.

Haatik, honakoa ez da Martxoaren 8ari begira ekoiztu den bideo eta abesti bakarra. Lekeitioko Potxuak Martxan mugimendu feministak ere musikarekin deitu nahi izan ditu emakumeak planto egitera. Zaintza denon eginbeharra dela sostengatuta, amantala leihoan eskegi eta grebara lotzeko deia egin dute sareetan zabaldutako bideo honetan.

LAB sindikatuak ere bideoa zabaldu du datorren martxoaren 8an emakumeak planto egitera deitzeko.Emakume eta gizonen soldaten artean dagoen arrakalaren inguruan Gobernu espainoleko presidente Marian Rajoyk berriki egin dituen adierazpenak ditu abiapuntu.

 

ELA sindikatuak ostera, Telemarketineko sektorean jarri nahi izan du arreta eta hura «feminizatua eta prekarioa» dela salatuta bat egin du martxoaren 8aren plantoarekin.

Umorea lagun Las Kapritxosas clown taldeak ere bat egin du Martxoak 8ko planto egunarekin.