Oihana Llorente NAIZ

«Nire desioan dago aurrekoen lizentzia, eta berdin digu zein den epaileen sententzia»

Joan den ostegunean, sanferminetako talde bortxaketaren epaia ezagutu berritan,  ebazpenari kantu egin zion Onintza Enbeitak. Nafarroako Auzitegiak sexu eraso delitua baztertu eta gertatutakoa abusu gisa izendatu izanak eragindako amorrua bertsotan aletzen saiatu zen.

Amaia Agirre gai jartzaileak ipini zuen Enbeita trantze horretan. Habanera doinuan kantatzeko eskatu eta erabili beharreko oinak puntu erditan eman zizkion Agirrek, oinak eman ahala bertsoa osatzen joan behar izan zuen Enbeitak. Txalo zaparrada batekin eskertu zioten entzuleek Enbeitaren ahalegina, ez zen gutxiagorako izan.

‘Ez da kasualitatea’ bertso saio musikatuan aritu zen Enbeita, Maddalen Arzallus, Oihana Iguaran eta Miren Artetxe bertsolariekin batera. Gari Otamendi eta Araitz Bizkai izan ziren, Altzako XVIII. Bertso Aroaren baitan, ekitaldian musika jartzen aritu zirenak.

Tomasene kultur etxeko paretak zeharkatu eta sare sozialetan oihartzun zabala eskuratu du Enbeitaren lanak.