SU TA GAR | ‘BIZIRIK GAUDE’ BIRA
Albisteak
Su Ta Gar berriz ere errepidean

‘Bizirik Gaude’ disko berria zuzenean aurkezteko birari ekingo diogu asteburuan. Blog honetan gure bizipenak, arrakastak, sufrimentuak, nekeak, pozak… zuei helarazten saiatuko gara.

Xabi BASTIDA|EIBAR|2013/10/17
Zure_baitan
‘Zure baitan’ bideoklipetik hartutako irudia.

Urriak 19, larunbata, data berezia gainean dugu. Data berezia dela diogu lehenbizikoz gure ibilbidean disko berri bat kioskoetan salgai ipiniko dugulako, GARA egunkariarekin batera, hain zuzen ere. Eta gainera, egun berean, ‘Bizirik Gaude’ disko berria zuzenean aurkezteko birarekin jo eta su hasiko gara.

Urtarrila hasiera arte asteburuero kontzertuak eskainiko ditugu Euskal Herrian eta Espainian zehar eta egun horietako gure bizipenak hemen kontatuko dizkizuegu. Gure arrakastak, sufrimenduak, nekeak, pozak… zuekin konpartituko ditugu. NAIZek eskeini digun txoko honetan.

Beraz, kontzertuetara hurbiltzerik ez edo kontzertuen beste ikuspegi bat ezagutu nahi duzuenek zita bat duzue hemen gurekin. Bloga jarraitzeaz aparte, zuzenekoetako adrenalina isurketa bizitzera gonbidatzen zaituztegu. Alboan dituzue biraren datak, lekuak eta herriak. Hasi aukeratzen eta han ikusiko dugu elkar!