SU TA GAR | ‘BIZIRIK GAUDE’ BIRA
Albisteak
Aurreikuspen onenak hobetuz: jende ugari eta giro aparta

Asteburu hunkigarria izan da. Oñatiko gaztelekuan emandako kontzertua zirraragarria izan zen. Zorrotzako gaztetxekoa ez zen atzean gelditu.

Xabi BASTIDA|EIBAR|2013/10/28
Zorrotza
Zorrotzako gaztetxeko kontzertua. (SU TA GAR)

Ostiralean Oñatiko gaztelekuan bizitako gaua gutxitan bizitzen diren horietakoa izan zen. Gaztelekua goraino bete zen. Bertakoek ziotenez, inoiz ez da hainbeste jende elkartu kontzertu batean. Publikoa Su Ta Gar zalea zela lehenengo abestitik somatu genuen. Mordoxka batek abesti berriak ere ikasita zituzten eta topera abesten aritu ziren. Giro izugarria, alaia, baikorra, hunkigarria… Soinua, indartsua eta argia izan zela zioen jendeak barra barra. Oholtzan ere feeling-a nabaria zen.

Luzaro idatzi daiteke gau magiko honetaz, baina irudi batzuk konpartitzea egokiagoa iruditzen zaigu. Lau bideo horietan kontzertuko pasarte batzuk ikusi eta entzuteko eta bizi izan zen giroa somatzeko aukera duzue.

Larunbatean Zorrotzako gaztetxean, kontzertuaren hasiera orduarekin arazo bat izan genuen. Kontzertuak goizo bukatu behar izaten dira bertan, eta 21:30ean zegoen iragarrita 22:00ak inguru hasteko asmoarekin. Ordua gainean genuenean, Galderrek eman zuen abisua: «Gure facebook-ean 23:00etan hasten garela jartzen du barren!». Beraz, erdibideko irteera bat inprobisatu behar izan genuen. 22:45ean hasi, ordu egokian bukatu ahal izateko. Bakar batzuek lehenengo abestiak galdu zituzten eta hemendik barkamena eskatzen diegu, guk iragarri baikenuen ordua gaizki!

Kontzertua oso ondo egon zen. Giro beroa. Arratsaldean Bilboko manifestaziora joandako batzuk ere hurbildu ziren. Ez da toki erraza argazkiak eta bideoak grabatzeko eta ez genuen lortu irudiekin bertan bizitako giroa jasotzea.

Oraingoan pozik benetan, ez aurreko asteburuan bezala.