SU TA GAR | ‘BIZIRIK GAUDE’ BIRA
Albisteak
‘Zuek gabe ez dago Su Ta Gar’

Gazteszenan jo genuen lehenbizikoz eta publikoarekin lortutako sinbiosia sekulakoa izan zen. Pilak kargatuta abiatuko gara Madrilera.

Xabi Bastida|Donostia|2013/11/04
5
Su Ta Gar Gazteszenan eskainitako kontzertuan, Madrilerako bidea hartu aurretik. (SU TA GAR)

Hego haizea aldatu eta hotza etorri zen. Afaldu eta Gazteszenarako bidean denak jertseak eta txamarrak goraino lotu genituen, baten batek buruan txapela ipini zuen ere. Kafeak baino gehiago astindu zigun hotzak eta horrela etorri ziren hasi aurreko urduritasunak. Behin aretora hurbilduta, kontzertu baten aurreko giroa usaintzen zen. Kamiseta eta txupa beltzak, eta adin desberdinetako jendea. Hilotz taldea jotzen zegoen bitartean batzuk azkeneko zigarroak kanpoan erretzen eta besteak barruan gustora, gazteak eszenatoki gainean gogotsu eta indartsu ikusten.

Heldu zen gure ordua eta nahiz eta urduri egon, lasai hasten saiatu ginen jakinaz denbora zegoela, berotu eta topera jartzeko. Suziria bezala, behetik gora ziztu bizian joan ginen eta publikoa gurekin zetorren (‘Bidegabekeriaren balantzan’, ‘Hesian’ eta ‘Arbasoen mendekua’ abestiekin hasi ginen).

Kanpoko hotzak pasatuta zeuden eta izerditan geunden jada. Geroxeago, ‘Txakurrak solte’, ‘Ekaitza eta barealdia’, ‘Azkar zuregana’, ‘Nazka’ eta ‘Piztia’ bezalako kanta indartsuak etorri ziren eta hor suziriak eztanda egin zuen. Hortik aurrera publikoak eta taldeak bat eginik bidea elkarrekin egin genuen irrifartsu, pozik.

Azkenean, ohiko ‘bis’-etan, beste abesti batzuen artean, ‘Zure baitan’ jo genuen eta hau aurkezterakoan Aitorrek esan zuen: «Gu gabe ez dago Su Ta Gar, baina zuek gabe ere, ez litzateke Su Ta Gar egongo», jendearen hurbiltasuna eta entrega eskertuz.

Kontzertua bukatutzat ematen genuenean publikoak gehiago eskatzen jarraitzen zuen eta prestatu gabeko bukaera egin genuen, ‘No somos nada’ eta ‘Haika mutil’ abestiak joaz.
Kamerinoan izerdia lehortu, arnasa hartu eta jende artean murgildu ginen une horiek elkarrekin bizitzeko, haien iritziak entzun, argazkiak atera, sinatu…

Madrilera joateko pilak ondo kargatu ditugu! Eskerrik asko!