SU TA GAR | ‘BIZIRIK GAUDE’ BIRA
Albisteak
Ttattola, hona berriz etortzea ez zaigu batere axola!

Madrilen izandako arrakastaren ostean, Euskal Herrira indartsu bueltatu ginen. Kamaleoiak bezala, Espainiako hiriburuan eta Lapurdiko herritxo batean eroso murgildu ginen.

Xabi BASTIDA|HAZPARNE|2013/11/13
Hazparne
Hainbat belaunalditako ikusleak izan ziren Hazparneko kontzertuan. (Su Ta Gar)

Ostiral gaueko kontzertu arrakastatsuaren ostean, espero genuena baino leunago egin zitzaigun ohetik goiz altxatzea. Bidai luzea genuen aurretik eta ez genuen astirik izango bidean gelditu eta menu bat bazkaltzeko.

Beraz, azkar gosaldu eta bertan topatu genuen denda kurioso batean, furgonetan jateko zerbait erosi genuen. Ogitartekoak egiteko: urdaiazpikoa, txorizoa, gazta, ogia… Postre gisa jateko: pastak, madalenak… Edateko: Koka-Kola eta ura. Ordaintzeko garaian gizon txinatar gazte batek, gaztelera eskas batean esan zigun: «¿sos mushos pala comer?» eta irribarretxoa irten zitzaion.

Baiezkoa esan genion irrifarrez gu ere, eta ordenagailuan zebilen bere semearen adina galdetu genion.

Lau urte zituela esan zigun, eta zelako trebezia zuen ordenagailuko jolas hartan ikusteak, harritu eta izutu gintuen.

Dendatik irten eta txinatarrak esandako esaldia gogoratu genuen.

Gizonak janari guzti harekin, bere sendiarentzat jatordu batzuk egiteko gai izango zela komentatuz, bidaiatzen hasi ginen.

Horrela, oihan hura atzean utzita, sei orduko bidaia genuen aurretik. Beharrezkoak ziren geldiune motzak egin genituen, gasoila betetzeko, komunetik pasatzeko…

Eibarrera heltzean, Paxkal bere kotxera pasa zen eta Mikel (kontratazio ofizinako lankidea) gehitu zen txangora. Umoretsu eta lo kuluxkatxoak tarteka eginaz, heldu ginen Hazparnera.

Gorputzari jesarleku forma kentzen laguntzeko, materiala deskargatu eta eszenatokian puzzle bat balitz bezala, dena berriz montatu genuen.

Muntaia eta desmuntaia, zenbat aldiz egindako gauza… buf, hobe ez pentsatzea!

Afal osteko momentuak gogor samarrak egin ziren. Gorputza alfertu eta lotara joateko gogoz jarri zitzaigun. Horri aurre egiteko, oholtzara igo aurretiko urduritasunak eta kafeak egin zuten lehenengo pausoa, eta musikak hurrengoa. Hura energia ekarri genuena Madriletik!

Nekatuak egon beharrean aurreko kontzertuetan baino errazago burua astindu eta saltoak ematen genituen. Gastatuta egon beharrean gaztetuta sentitzen ginen.

Hain adin desberdinetako publikoa ikusteak horretan laguntzen zigun (gaztetxoak gehienbat). Seguru haietako askorentzat euren lehenbiziko kontzertua zela. Jendetzaren artean gure aspaldiko lagunak zeuden ere: Peio (animo motel!), Roger, Pantxoa…

Kontzertua bukatu eta osteko zurrutak, gustora hartu genituen Ttattolan bertan, gure lagunen artean. Aste bukaera guztiz oparoa eta gauzak ondo egin izanaren poztasunarekin etxera bueltatu ginen (lokalean furgoneta hustutzea lan erraza izan zen)…