SU TA GAR | ‘BIZIRIK GAUDE’ BIRA
Albisteak
Rock City eta Razzmatazz II, bi areto haundi

Valentzia eta Bartzelonako kontzertuak sekulako aretotan eman genituen. Bi hirietan bakarrik jotzen genuen eta hor ez zegoen tranparik, publikoa Su Ta Gar ikusi eta entzutera hurbildu zen.

Xabi Bastida|BARTZELONA|2013/12/04
Bartzelona.
Bartzelonako kontzertuaren agurra. (SU TA GAR)

Euskal Herritik kanpoko kontzertuetan 200-300 pertsonentzako lokalak topatzen saiatzen gara bi arrazoi desberdinengatik: alde batetik, eramaten dugun jende kopurua ez delako handiagoa izaten eta, bestetik, aretoen alokairuak ez daitezen garestiegiak izan. Eta normalean horrelako tokietara soinu teknikaria (Paxkal gehienetan) eta lau musikariak bakarrik joaten gara, gastuak murrizteko eta praktikotasunez jokatzeko. Ez du zentzurik izaten kontratazio ofizinako lankiderik etortzeak ezta argi teknikaria eramatea ere (areto txikietan argiztapenerako foko eta material gutxi egoten baita).

Pasa den aste-bukaerako 2 aretoak (Rock-City Valentzian eta Razzmatazz II Bartzelonan) handiagoak eta instalakuntza eta pertsonalari dagokionez oso profesionalak dira. Argien muntaia polita egiteko aukera ematen dute eta horregatik, bira honetan Euskal Herritik kanpo lehen aldiz, argi teknikaria (Jon ‘Mentxaka’) gurekin etorri zen. Fokoak, kableak eta efektu batzuk ere ekarri zituen. Horrela, furgonetako jesarlekuak eta kargarako gelditzen ziren hutsune txiki guztiak bete genituen.

Ostiralean, furgonetan sartu orduko (goizeko 10.00etan) bazkarirako erosketak eginda genituen (ogitartekoak prestatzeko janariak). Hau da, bazkaltzeko ere ez ginela geldituko aurreikusten genuen. Gelditu gabe 6 ordutan egiten den bidaia, 7 ordu baino gutxiagotan bukatu genuen, beraz, atera kontuak zenbat denbora gelditu ginen… Horrelako bidaietan kontua ez da errepidean topera joatea, baizik eta ahalik eta gutxien geldituz kilometroak irentsiz joatea. Bakoitzak ahal duen moduan eramaten ditu ordu horiek (musika entzunez, txorradak esanez, lo kuluxkak botaz, facebook-en berriak igoz…)

Valentzia

Valentziako kontzertuan talde bakarra ginen oholtza gainean. Ez zen jende larregi etorri, baina etorri zirenek dena eman zuten. Giro polita sortu zuten han agertu ziren valentziarrek, euskaldunek, uruguaiarrek… Eta nola ez, Robe eta Sensio gure jarraitzaile sutsuak ere han izan ziren eta kontzertu ostean, mundua konpontzen gelditu ginen. Kontzertua izugarria izan zela zioten, soinua, argiak, taldea… Beste batzuetan baino motelago edo itzaliago ikusi nindutela esan zidaten eta arrazoia ematea besterik ez zitzaidan gelditu. Hori berriz ez pasatzeko asmoarekin oheratu nintzen.

Bartzelona

Hurrengo egunean, Bartzelonako Razzmatazz II areto mitikoan! Mila aldiz entzundako aretoan gaueko 21.00etan eta gu bakarrik eszenatokian!. Hori bai ordutegi erosoa. Hasi aurretik esaten nien taldekideei «gaur 23.00etan libre egongo gara neskei txorakeriak esateko».

 ‘EH Sona’ izenpean, Euskal Etxeak antolatutako ekitaldi zerrenda luze baten azkenetarikoa zen gurea. Oso ondo antolatu zutela segiduan igarri genuen. Kristoren publizitatea eta lan pila eginda zegoela somatzen zen.

Baina dena esan behar bada, beldur ginen, aurreko egunetan Gatibu, Berri Txarrak eta beste talde batzuk bertatik pasatuta zeudelako eta jendeak desgraziz guztietara joateko dirurik ez duelako. Gainera, ordu berean Razzmatazz I aretoan Los Suaves taldeak jotzen zuen…

Gure beldurrak segituan pasa ziren. 400 pertsona inguru hurbildu ziren eta festa zoragarria izan zen. Itzela, kristorena, demasa…  Oso zaila da hitzekin kontatzea bizi izan genituen sentimenduak… Gure arteko besarkadak… Poza, bizi poza…

Eskerrak emateko deitu nien Robe eta Sensiori, motorra berriz ere topera jarri zitzaidalako, aurreko eguneko astinduaren ondoren!

Ah! Aste-bukaera hontan ez dugu klaketa martxan ipini! Berririk dugunean jakinean edukiko zaituztegu…

Ostegunean, Durangon dugu zita. Euskal Herrian, etxetik hurbil eta pilak kargatuak! Lotu ondo arrisku gerrikoak indartsu gaude eta!