SU TA GAR | ‘BIZIRIK GAUDE’ BIRA
Albisteak
Durangon bi erronka gogor genituen: kontzertua eta Azoka

Plateruena jendez lepo bete zen eta kontzertuko giroa epeltasunetik oso berora pasa zen, han geundenen gozamenerako. Bartzelonatik ekarritako indarrak eta bizipozak bizirik diraute gure artean.

Xabi BASTIDA|DURANGO|2013/12/10
Plateruena
Plateruenako aretoa jendez lepo bete zen Su Ta Garren kontzertuan. (SU TA GAR)

Aurreko asteburuko nekeak eta pozak pasa orduko, heldu zen Durangoko zita. Gainera, Plateruenako kontzertua eta liburu eta disko azokako stand-arekin, bi erronka gogor genituen aurrean.

Asteazken goizean egin genuen azkenengo entsegua, hurrengo egunean kontzertuan joko genituen abestiekin prestatutako zerrenda osoa errepasatuz. Jarraian alokairuko furgoneta jaso eta kontzertuetara eramaten dugun materialarekin (bateria, kitarrak, anpliak…) bete genuen. Arratsaldean, Durangora hurbildu eta azokako gure stand-a atondu genuen. Bertan, diskoak eta egutegiak saltzeko prestatu genituen.

Ostegunean, Durangoko Azokako ateak zabaldu orduko han ginen eta lehenengo diskoak saltzen ziren heinean, haiek firmatzen egon ginen. Aurretik ordu asko gelditzen ziren eta gainera erronka garrantzitsuena falta zen, Plateruenako kontzertua. Beraz, stand-a esku onetan utzi genuen eta bakoitzak bere etxean, lasaitasunean, pasa genituen hurrengo orduak.

Arratsaldeko 18.00etan soinu froga hasi eta, arazorik gabe, egin beharrekoak egin genituen. Liburu eta disko azoka zela-eta azken orduko telebistetako elkarrizketek kontzertu normal bat ez zela gogoratzen ziguten. Hala eta guztiz, berriz lasaitasuna topatu nahian, kamerinoan zerbait afaldu genuen, kontzerturako indarrak hartuz.

Gauen heldu zen benetako ordua. Plateruenako goiko partea zabaldu zuten eta horrek, gure poztasunerako, aretoa jendez lepo zegoela adierazten zigun. Hasieratik indartsu, topera, abestien artean tarterik gabe, egurra ematen aritu ginen. Gustura hasi ginen horrela, jakinda abestien zerrenda harekin, aurrera gindoazen heinean, giroa goraka joatea lortu genezakeela. Eta horrela izan zen. Behetik gorako bidea hartu zuen kontzertuak. Hobeto esanda, gorako bidean etengabe, eta gainera ez behetik hasita, lehen esan bezala indartsu eta topera hasi baikinen. Beraz, itzela izan zen kontzertua eta Bartzelonako kontzertutik ekarri genituen indarrak eta bizi pozak, pizturik mantendu zizkigun. Hau dena ongi azaltzen duen kritika baten link-a duzue hemen: http://www.eitb.com/eu/kultura/durangoko-azoka/osoa/1813116/durangoko-azoka--su-ta-garrek-hankaz-jarri-zuen-plateruena/

Hurrengo egunean, ostiralean, txanda pasa egin genuen azokako stand-ean… Berriz ere aurreko egunean bezala, Goizeder eta Ostoren esku utzi genuen salmentaren ardura eta primeran egin zuten euren lana, ‘Bizirik Gaude’ disko berria oso ondo saldu baitzen. Larunbat eta igandean ordu batzuk sinatzen eta pertsonalki erosle bakoitzari eskerrak emanez egon ginen. Asko izan zineten erosketak egin zenituztenak gu han ez geundenean eta hemendik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu.

Mila esker denoi!