SU TA GAR | ‘BIZIRIK GAUDE’ BIRA
Albisteak
Logroñon «sold out» kartela zintzilikatu zuten leihatilan

Jendetza hurbildu zen Gasteizko eta Logroñoko kontzertuetara. Birako bigarren «sold out»-a lortu genuen, Logroñoko Biribay aretoan. Mutxo!

Xabi BASTIDA|2013/12/28
Gasteizko_publikoa
Gasteizko Jimmy Jazz aretoan emandako kontzertua.

Ostiralean Gasteizen genuen zita, Jimmy Jazz aretoan eta larunbatean, Logroñoko Biribay aretoan. Beste bi kontzertu jarraian aste buru berdinean, ondo ezagutu eta gustoko ditugun aretoetan. Aurreko asteburuekin konparatuz, kilometro gutxiko eta etxera lotara bueltatzeko aukera ematen duten irteerak ziren hauek. Gainera, aurreko biretan erantzun oso ona izan genuen bietan ere. Beraz, aurreikuspenak baikorrak ziren.

Batzuetan, aldez aurretik itxura oso ona izan dezaketen emanaldiek bere arriskua izaten dute. Gauza desberdinak okertu daitezke eta esperotakoa ez bizitzea pasa daiteke. Horregatik, ez da komenigarria izaten gehiegi lasaitzea. Baina oraingoan ez zen horrelakorik gertatu.

Gasteizen izan genuen azken zitatik urte eskas pasatuta, oraingoan ere jendeak oso ondo erantzun zuen. Ateak zabaldu eta ordu erdi beranduago, ikusgarri zegoen aretoa. Guk, kamerino ondotik egoera ikusteko aukera genuen eta egia esan oso hunkigarria zen. Kontzertua ederra izan zen, aurreikuspen baikorrak guztiz betez. Giro oso beroa, behetik goraka doan horietakoa, guk asko atsegin dugun moduan, eta guk disfrutatzen dugunean, jendeak gaizki pasatzea arraroa izaten da. Badituzue horren adierazgarri diren bideoak ikusteko aukera

Logroñoko Biribay aretoan estrainekoz eta azkenekoz, 2011an egon ginen. ‘Ametsak Pilatzen’ diska aurkezten, eta ‘Bizirik Gaude’ ere han aurkeztu nahi genuen. Erabaki zuzena izan zen eta benetan asmatu genuela esan dezakegu. Sarrera guztiak saldu ziren eta den dena bere bide onetik joan zen. Zoragarria!

Aste buru honek kuriositate bat kontatzeko aukera ematen digu. Euskal Herritik kanpo jotzen dugunean, orokorrean, publikoak nola maite dituen gure abestiak, nola bizitzen dituzten kontzertuak, nolako jarrera duten dena emanaz… Espezialak bihurtzen dituzte kontzertuak (egia esan, zaleek ez dute gure kontzertuak ikusteko aukera asko izaten eta agian horrek ere badu zeresana).

Eta hau aipatzeko, asteburu hau aproposa iruditu zaigu, Gasteizko kontzertua ere goraipatzekoa izan zelako. Asmoa ez baita kontzertuak eta herriak konparatzea, baizik eta gure bizipenak kontatzea.

Barkatuko didazue, baina berandu izanda ere, heldu da kronika!

Gabonak ere gogorrak izan dira, Katarroak, jatorduak, opariak…

Ah! Orain dela gutxi Andoainen jo dugu («Sold Out» toma!) eta bihar Azpeitin, ikuskoeiau!

Kontatuko dizuegu!