SU TA GAR | ‘BIZIRIK GAUDE’ BIRA
Albisteak
Gabonetan jendeak gustura hartu ditu Su Ta Garren kontzertuak. Aupa Gipuzkoa!

Andoaingo gaztetxera sartzeko ilara luzeak sortu ziren. Azpeitiko Sanagustin eliza zaharra jendez lepo bete zen. Bi kontzertuak erraz ahazten ez diren horietarikoak bihurtu ziren.

Xabi BASTIDA|ANDOAIN|2014/01/03
Azpeitia
Azpeitiko kontzetuaren amaieran, publikoa agurtzen. (SU TA GAR)

Andoaingo gaztetxean eta Azpeitiko Sanagustinen jo behar genuen Gabonen erdian gelditzen zen asteburu honetan. Gipuzkoako bi herritan genituen hitzorduak, eta gu gipuzkoarrak izanik, «etxean» jokatzen genuela esan genezake. Bi kontzertuak benetan jendetsuak izan ziren eta ziur aski, bai bertakoendako eta bai guretzako, erraz ahazten ez diren horietarikoak bihurtu ziren.

Andoaingo gaztetxean soinu froga egiten ari ginela, bapatean, ekipoak ez zuen funtzionatzen. Han geunden guztion harridurarako, kableak, etapak… aldatu eta hala eta guztiz ere, ez zuen funtzionatzen. Inguruko jende eta lokal desberdinekin harremanetan jarri ziren, ea ekiporen bat alokatzeko aukerarik bazegoen aztertuz. Batzuk kanpoan zeudela, besteek ekipoa alokatua zutela, ezinezkoa zen… Orduak aurrera zihoazen eta urduri jartzen hasi ginen. Halako batean, beste kable bat aldatu ondoren, ekipoa martxan jarri zen. Eskerrak!

Ateak zabalik egon behar zirenenean, soinu frogarekin genbiltzan oraindik. Kanpoan jende ilarak sortu ziren, Bisbal edo famaturen bat diskoak sinatzen egongo balitz bezala. Jendea zain edukitze horrek lotsa puntu bat ere ematen zigun, baina soinu ekipoa bazebila jakinik, lasaitasun sentsazioak erraz gailentzen zuen lotsa puntu hori. Gauzak horrela, sekulako biribila saltsan afaldu eta segidan eszenatokira igo ginen.

Gaztetxea beteta zegoen eta kontzertu beroa eta polita bizi izan genuen han bildutakook. Batzuk afariaren digestioarekin sufritu genuen zerbait, baina tira, hori txarrena izatea kontu ona da. Sorpresa txiki bat ere bagenuen gordeta: arratsaldean Igor Oiarbiderekin (2 urtez gurekin bajista izandakoarekin) egon ginen eta kontzertuan zerbait berezia egiteko gelditu ginen. Unea heldu zenean, Aitorrek txalo bero bat eskatuz, mikrofonotik aurkeztu zuen eta ‘Mari’ abestia bi baxurekin jo genuen (kasualitatea, biak Igor deitzen dira). Igor Oiarbidek asko eman digu Su Ta Garrekoei eta gaur egun, gure artean maitasun berezia izaten jarraitzen dugu. Guretzat kontzertuko une hunkigarriena izan zen.

Azpeitin

Azpeitiko Sanagustin aretoan, gure aurretik Dark Code taldeak zabaltzen zuen kontzertua. Abeslaria, gure ‘Bizirik Gaude’ disko berriko portadan bizkarrez agertzen den gaztea da. Musika gogorra benetan gazte hauek egiten dutena. Euren munizioa erre zutenean gure garaia iritsi zen.

Gu hasteko dena prest zegoenean, 500 pertsona baino gehiago zeuden areto barruan. Meza ospatzen zen garaitan, gutxitan bilduko zen hainbeste jende bertan. Gaur egun birziklatutako elizan ez zen hutsunerik ikusten. Gogotsu irten ginen oholtzara. Abestiak jarraian joaz, gu ere gure dinamita suntsitzen joan ginen. Aurreko urtean bezala, kontzertu zuzena eta oso «kañeroa» izan zen.

Kontzertu jendetsuak, beroak eta izerdi litro batzuk botarazi zigutenak izan ziren biak. Gure/zuen barruan geldituko direnak. Eskerrik asko Gipuzkoa!