SU TA GAR | ‘BIZIRIK GAUDE’ BIRA
Albisteak
Biraren bukaera kolosala izan zen

Bilboko Kafe Antzokiko kontzerturako sarrerak agortu ziren eta hasieratik, jendea ozen abesten aritu zen. Atarrabiako Totem aretoan abesti sorta bat jo eta gero berotu zen giroa. Bira han eta horrela bukatzea gozamen handia izan zen.

Xabi BASTIDA|2014/01/10
Bilboko_kafe_antzokian_kitarrak_zerura_begira
Bilboko Kafe Antzokian, kitarrak zeruari begira.

‘Bizirik Gaude’ diska berria kaleratu ostean, programatutako aurkezpen kontzertuetatik, Bizkaiko eta Nafarroako hiriburuetako emanaldiak falta ziren. Kafe Antzokiko eta Totem-eko kontzertuak, garrantzitsuak ziren, hiri handiak eta biraren bukaera elkartzen zirelako (nahiz eta jakin kontzertu denak direla bereziak eta garrantzitsuak).

Larunbata heldu aurretik, Bilborako, ia sarrera guztiak zeuden salduta. Egunean bertan ere sarrerak agortu arte saldu ziren eta Antzokia lepo bete zen. Eratu taldeak zabaldu zuen kontzertua. Ondo aritu ziren, gogotsu eta indartsu dabiltzala erakutsi zuten. Erraza izan zen eurekin lan egitea.

Behean dagoen abestien zerrendan ikusi dezakezuen bezala, abesti indartsu batekin hasi (‘Bidegabekeriaren balantzan’) eta jarraian diska berriko 3 abesti zihoazen. Harrituta, gelditu ginen zenbat jendek abesten zituen ‘Giza harresia’, ‘Bizirik gaude‘ eta “Nana’. Gero, ‘Arbasoen mendekua’ eta beste abesti mitiko batzuk zetozen denon gozamenerako.

Jarraian, abesti berrien garaia heldu zen berriz eta ‘Nazkatu naiz’ eta ‘Txakurrak solte’-rekin sortu zen giroa azaltzea ez da erraza. Iñigo Cabacasen oroimena tarteko, kontzertuak eztanda egin zuen. ‘Azkar Zuregana’, ‘Nazka’, ‘Piztia’, ‘Itxaropena’,‘Geroaren hazi heziak’ eta ‘Jo ta ke’ abestiek klimaxera eraman gintuzten han geunden gehientsuenei (denei ez esatearren).

Kamerinoan arnasa eta tragoxka bat hartu eta diska berriari keinu bat eginez, bertako hasiera jo genuen. ‘Ez etsi orain’ lehen aldiz zuzenean jo genuen eta pasada bat izan zen. ‘Zure baitan’, ‘Mari’, ‘No somos nada’, ‘Jainko hilen uhartean’, ‘David eta Goliath’ eta ‘Rotaflexa garraxika’ abestiekin, bukaera apoteosikoa izan zen. Inoiz baino gehiago igarri genuen jende askok entzun duela diska eta gogokoak dituztela abesti berriak. Bilbokoa bai izan zela kontzertuan zehar gozatzea!

Beste hedabide batzuetan egindako kritikak hemen dituzue irakurgai:

http://www.mariskalrock.com/index.php/2014/01/07/su-ta-gar-mas-vivos-que-nunca/

http://www.lamiradanegra.com/?p=26123

http://www.staticagemag.com/detallecronica.asp?id=7

https://www.facebook.com/media/set/?set=a.771881742840313.1073741852.503998122962011&type=1

Igandean Atarrabiako Totem aretoan Insomnio Kroniko eta Su Ta Gar zeuden iragarrita. Hasiera batean bira prestatu genuenean, azaroaren 23an zen ospatzekoa kontzertua, baina azken orduan Barricadak utzi behar zutela eta, agurtzeko kontzertua iragarri zuten data horretan Iruñean. Beraz, data aldatzera behartuak sentitu ginen eta agenda begiratuz urtarrilak 5a zen aukera bakarra. Alde batetik, egun arraro xamarra zen baina beste alde batetik Iruñerrian bira bukatzea polita izango zela iruditu zitzaigun.

Jendeak ez zuen huts egin eta 500 pertsonatik gora bildu ziren. Kontzertu hasiera agian apur bat hotza izan zela esango nuke, baina konturatzen naiz Bilbotik gentozela eta hura pasada bat izan zela. Abestien zerrenda berdina jo genuen eta ‘Arbasoen mendekua’-rekin jendea berotzen hasi zen. Jendetza disfrutatzen eta hauen artean aurpegi ezagun asko ikustea, oso pozgarria izan zen. Adin eta janzkera oso desberdinetakoak, abesten, dantzan, irrifartsu zeuden, betiko Iruñea beste behin bizitzeko aukera izan genuen. Egoera horretan, gu ere alai, abestiekin, kontzertuarekin eta jendearekin disfrutatzen.

Kontzertuarekin batera, aurkezpen bira bukatu zen baina ‘Bizirik Gaude’ hiri eta herri desberdinetan aurkezten jarraituko dugula badakigunez, kamerinoan ez zen inongo nostalgiarik bizi izan. Berehala jende artean sartu eta ezagunak agurtzen eta ezezagunekin argazkiak ateratzen ibili ginen (ezagun batzuk ere animatu ziren). Gero, batzuk farratxo bat egiteko gogoa bagenuen eta beste batzuk baino beranduago oheratu ginen.

Gau majikoa Totem-ekoa. Azten, Jabiertxo, Xabier, Josu, Enkarna, Axun, Goizeder, Gorka, Mikel, Ziro, Iñaki, Aintzira, Goiatz, Arantza, Saioa, Aitor… Eskerrik asko denei, maite zaituztegu!

Kontzertuko kritika irakurgai:

http://www.noticiasdenavarra.com/2014/01/08/ocio-y-cultura/cultura/irreductibles-concierto-de-su-ta-gar