SU TA GAR | ‘BIZIRIK GAUDE’ BIRA
Albisteak
Agur eta eskerrik asko

Bukatu da Su Ta Gar-en Tourbloga. Beste bat arte!

Xabi Bastida|2014/01/13
1
Xabi Bastida, eskiak eskuetan, elurretarako prest. (SU TA GAR)

Urtarrilaren 5ean Atarrabiako Totem aretoan eskainitako kontzertuarekin, amaitutzat eman genuen ‘Bizirik Gaude’ diska berriaren aurkezpen bira. NAIZen izan dugun txoko hau, birak irauten zuen bitartean gure bizipenak kontatzeko gune bat izan dena, iraganera pasatuko da.  Beraz, bloga jarraitu duzuenei agurtzeko garaia heldu zaigu.

Eskerrak eman nahi dizkizuego hor egon zaretenei eta modu batean edo bestean jarraitu gaituzuenoi. Aitortu behar dut ez dudala idazteko ohiturarik eta gauza guztiz berria izan dela niretzat. Esperientzia aberatsa izan da eta kontzertuen kronika batzuk idatzi ostean oso gustora gelditu naiz egindakoarekin; beste batzuetan aldiz gauza gutxi azaltzeko edo kontatzeko gai izan naizela iruditu zait.

Astero idazteak, dedikazioa eskatzen du eta horrek une batzuetan nekea ere sortu dit. Neke horrek nik nahi izan dudana baino gehiago baldintzatu baditu nere ohiko eginbeharrak, barkamena eskatu nahi diet nire ingurukoei. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet Borxa, Aitor, Galder eta Igor taldekideei eta Mikel lankideari izan duten pazientziagatik.

Blogean ikusi dituzuen irudi eta argazki gehienak (Euskal Herritik kanpokoak izan ezik) Mikel ‘Abar’-ek ateratakoak izan dira eta behin testuak idatzita zeudela, Borxaren oneritzia oso garrantzitsua izan da niretzat.

Orain, neguan eta udaberrian, kontzertuak eta horien inguruko lanak uzten diguten heinean, «tresna» aldatuko dut eta argazkian ikusten duzuen moduan, mendira, elurretara joateko irrikitan nago…

Badugu kontzertu berriren bat eta gehiago irtengo direla ziur gaude, jotzen jarraitzeko desiatzen baikaude. Bloga bukatu da baina Su Ta Gar luzarorako nahiko genuke! Ah! Oraindik klaketari neurria hartzeko gai garen ikusi beharko dugu. Ia guk edo berak nork irabazten duen Zaragozan hasitako guda hau!

Hemendik aurrera hurrengo helbideetan izango duzue gure berri:
www.sutagar.com , www.facebook.com/SUTAGARofizial , www.twitter.com/SUTAGARofizial .
Ziur gaude aurrerantzean ere topo egingo dugula bidean.  Eskerrik asko!