Euskal selekzioen ofizialtasuna «kirol guztietan eta lehiaketa guztietan» aldarrikatu du EAJk

Aitor Esteban EAJko Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu du. Gaia «euskal agendaren barruan» dagoela eta Madrilen ere «oso presente» egongo dela ziurtatu du.

NAIZ|BILBO|2016/06/21|0 iruzkin
Aitor-esteban
Hautagai jeltzaleek Osasuna, Alaves, Reala, Athletic, Eibar eta euskal selekzioaren elastikoak jantzi dituzte. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Euskal futbol selekzioaren elastikoa soinean zuela egin du gaur goizean hauteskunde ekitaldia Aitor Estebanek Bilbon. Harekin batera izan dira Pedro Azpiazu eta Pilar Ardanza Kongresurako hautagaiak eta José María Cazalis, Nerea Ahedo eta María Dolores Etxano, Senaturako hautagaiak, Osasuna, Athletic, Reala, Alaves eta Eibarren elastikoak jantzita zituztela.

EAJren agintari eta hautagaiak jokalari gisa ageri diren panel baten aurrean, Estebanek zera esan du: «Horrela sentitzen gara askotan Madrilen, sartu nahi dizkiguten golak eta autogobernuaren kontra jaurtikitzen dizkiguten baloiak gelditu beharrean. Baina, argi izan aukera dugunean gola sartuko diegula gai honetan. Denok elkartuta: gizartea, kirolariak, politikariak... guztiok helburu hori lortzeko bultzada eginez».

Egunotan jokatzen ari den Eurokopa gogora ekarrita, selekzioen ofizialtasuna «lege kontua baino borondate politiko» kontua dela adierazi du.

«Eurokopak argi eta garbi erakutsi digu borondatea badago bai lortu ahal dela. Horra hor Galeseko selekzioa. Estatu baten barruan dago, Erresuma Batuan dago baina maila berean eta baldintza berdinetan parte hartzen du; Eskoziak ere parte hartu ahal izan du klasifikatzeko fasean eta Ipar Irlanda ere hor egon da», aipatu du.

Hori «gizarte ezberdinak, nazio ezberdinak, kultur ezberdinak onartzen diren herri normal batean» gertatzen da, hautagai bizkaitarraren ustez.

Euskal kirol selekzioen gaia «euskal agendaren barruan» dagoela eta hurrengo legealdian Madrilen EAJk egingo duen lanean «oso presente» egongo dela nabarmendu du.

 

Loading player...
Loading player...
Loading player...
Loading player...
Loading player...
Loading player...
Loading player...
Loading player...
Loading player...
Loading player...
Loading player...
Loading player...
Loading player...