Hesian
Albisteak
Hesianek ‘Hasiera’ diskoa aurkeztu du, rock doinuak indartuta

Hesian taldeak bere zortzigarren lana argitaratu du gaurkoan. ‘Hasiera’ izenarekin, bira berri bat eman diote haien musikari eta «letrek hala eskatuta» haize musika tresnek pisua galdu dute doinu rockeroago batzuen alde. «Barru-barrutik idatzitako» 10 abestiz dago osatuta lana.

NAIZ|BILBO|2018/11/21 16:27
Hesian
Hesian taldeko Ane Bastida, Fran Urias eta Zuriñe Hidalgok aurkeztu dute disko berria. (Monika DEL VALLE / FOKU)

‘Hasiera’ izena hartu du Hesianen lan berriak, zortzigarrena talde nafarraren ibilbidean. Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu dute taldeko kide diren Zuriñe Hidalgo, Fran Urias eta Ane Bastidak. 10 abestik osatu dute lan berri hau eta aldaketekin dator talde nafarra.

Lehen aldiz, ekoizle batekin lan egin dute, Juan Blas madrildarrarekin eta Bartzelonan eta Euskal Herrian ere eman dizkiote azken ukituak. Prozesu hau antzeman daiteke lanean eta Hesianen ‘Hasiera’ berri hori doinu rockeroago batzuekin irudikatu dute. NAIZen webgune bereziaren bitartez kontatu zuten prozesu guzti hau.

«Ziklo berri baten hasiera da hau. Ez dakigu nora eramango gaituen», azaldu du Zuriñe Hidalgo abeslariak Info7 irratian. «Barru-barrutik idatzitako kantuak aurkituko ditu entzuleak. Hainbat gai jorratu ditugu eta bakoitzak bere irakurketa egin ahal izango du». Musikan dator, baina, aldaketarik handiena. «Rockeroagoa da, pixka bat gogorragoa. Antzematen da ekoizleak ematen dion puntua, baina kantuek hala eskatuta atera da disko rockeroago hau».

Durangoko azokan edukiko dute jarraitzaileek diskoa eskuratzeko aukera, eta baita zuzenean abesti berriak entzuteko lehen aukera abenduaren 8an Ahotsenean. Azoka eta gero solasaldi musikatuak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiribuetan. Atseden txiki baten ostean, kontzertuekin hasiko dira otsailean.