Itziarren Semeak Argentina-Chile Tour
Albisteak
Ateak irekiz

Latin Revolta tour bira amaierara iritsi da. Azkenean zazpi kontzertu izan dira eta zuzeneko baten grabaketa irrati baterako. Eskertzekoa Argentinan eta Chilen ireki dizkiguten ateak.

Manex Altuna|2014/11/17
Ateakireki
Santiago de Chilen zuzenean.

Itziarren Semeak taldeak Hego Amerikatik egiten duen lehen bira izan da Latin Revolta. Disko berria aurkeztu eta guretzat ezezaguna zen lurralde batetara abiatu ginen. Egia esateko, ezer gutxi genekien aurkituko genuenaren inguruan, baina bidaiarekin eta musikarekin gozatzeko aukera izan dugu.  .

Hausnarketa egiterakoan adierazgarria egin zaigu 80. hamarkadako euskal taldeen inguruko miresmena. Fermin Muguruza eta Evaristo ikurrak dira Argentinako eta Chileko underground kulturan. Agian euskaldunak ginelako aipatzen zizkiguten, baina musikaz hitz egiterakoan talde eta elkarrizketa gehienetan atera diren izenak izan dira.

Publikoak ere segituan erantzun digu Eskorbuto edo Kortaturen kantak zuzenean jo ditugunean. Pozgarria da horrelako erreferentzia amankomunak izatea. Hala ere, gure irudipena izan daitekeen arren, Skalariak salbu, ezer gutxi zekiten azken hamarkadan Euskal Herrian egindako musikaz.

Batzuentzat gehiegi hitz egitea izan daiteke, baina euskal musikak nazioartera gehiago atera beharra daukala nabarmenduko nuke. Zailtasunak zailtasun, Itziarren Semeak taldeak bere lehen bidaian ateak irekita aurkitu ditu. Dagoeneko jaso ditugu fruituak eta etorkizunean errepikatzea espero dugu.

On egin eta hurrengorarte!!