Festa giroa izan da nagusi aurtengo prozesioan

Milaka pertsonek bete dute Iruñeko Alde Zaharra jaietako egun garrantzitsuenean San Fermin ohoratzeko. Bere ohorezko elizkizunean ez dira udalbatzako kide gehienak egon, horien artean Joseba Asiron. Aranzadi, I-E eta EH Bilduko bi zinegotzik izan ezik, alkateak eta beste zinegotzi guztiek prozesioan parte hartu dute. Prozesioa «giro onean» eta «normaltasunean» egin dela azpimarratu du alkateak.

NAIZ|IRUÑEA|2015/07/07
Asironprozesioan
Iruñeako alkate berria den Joseba Asiron prozesioan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Iruñeko Alde Zaharreko kaleak beste urte batez bete dira jaietako egun garrantzitsuenean. Giro ezin hobeaz inguratuta hurbildu da goizeko 10.00etan udalbatza Katedralera Cabildoa jasotzeko, eta ondoren San Ferminen kaperan dagoen San Lorenzo elizara joateko.

Santuaren irudia jaso ondoren, Udala eta Cabildoak prozesioa hasi dute festa giro nabarmen batez babestuta, eta prozesioa normaltasunez egiteko aukera izan dute, txalo eta indar-keinu artean. Enrique Maya alkate-ohia pasa denean bere aurkako txistuak entzun dira, eta aldi berean, bere ondorengoa den Joseba Asironen aldeko txaloak. 

Eguerdi aldera hasi da San Ferminen omenez egin den elizkizuna. Hasi baino lehen Iruñeko alkate berria, eta EH Bildu eta Geroa Bai alderdiko zinegotziak elizatik atera dira. Asironek adierazi du ez dela zeremonia erlijiosora joan «meza, prozesioa baino fede ospakizun pribatuagoa delako, eta han egon behar direnak fedea benetan sentitzen dutenak izan behar direlako».

Alkate berriak azpimarratu du aurtengo prozesioa «normaltasunez eta giro onean igaro dela, behar den bezala», eta horregatik «oso pozik» dagoela. Elizkizuna bukatu ondoren, alkatea prozesiora berriz batu da Katedralera itzultzeko. Aurreko urteetan ez bezala, prozesioan zehar txaloak entzun dira udalbatza pasatzen zen aldi bakoitzean. Itzuleran udalbatzarekin batera, La Pamplonesa musika bandak, buruhandien eta erraldoien konpartsak, eta gaitero eta dantzariek Cabildoa lagundu dute Katedralera iritsi arte.