TANIA DE SOUSAren bakarkako diskoaren grabazio bloga
albisteak
Plazer bat izan da

Iritsi da eguna. Blog honen amaiera heldu da. Atzo estudioko azken eguna izan zen eta jada behin betiko 12 kantak ditugu nahastuta; diskoan izango duten ordena ere ezarri dugu.

Tania DE SOUSA|2014/06/10
Tania22
Tania de Sousa.

Leher eginda iritsi naiz egun honetara, diskoaren grabazioa gehi izan ditudan bestelako konpromiso eta ardura guztiak. Orain, ordea, berriz ere elkartu behar gara lokalean zuzenekoei begira entseguekin hasteko. Uztailaren 9an kontzertu garrantzitsu bat jotzen egongo gara eta gainera lehenengo aldia izanda zorrotzagoak izan behar dugu.

Atzo ere iragarri nuen diskoaren irteeraren data, irailaren 18an izango da eta 19an Intxaurrondoko Kultur etxean izango gara aurkezten, beraz apuntatu data hauek.

Esan beharra dut espazio honek asko lagundu didala hausnarketak egiteko garai hauetan bizi naizenaren inguruan eta NAIZeko jendeari eskertu behar diet blog hau idazten utzi eta zabaltzeagatik. Oso lagungarria izan da benetan proiektu osoa ikusgai egiteko eta eskerrak eman nahi dizkizuet horregatik.

Hurrengo astean diskoa masterizatuko dugu Katarainekin, ingeniari mitikoa eta Ferminen laguna. Orain azkeneko prestaketak geratzen dira: diskoaren diseinua, promozio argazkiak, bideoklipa, papeleo ezberdinak eta martxan jartzea.

Plazer bat izan da, eskerrik asko gutxi horiei, asko edo hemendik irakurri didazuen guztiei. Bidean ikusiko dugu elkar.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK