Bertsolari txapelketa nagusia 2013
Kronikak
Kronika
 
Julio Sotok badu aulkia finalaurrekoan; erreserba egina utzi du Amaia Agirrek

Nafarra nagusitu zen gipuzkoarren artean atzo Hendaian jokatutako hirugarren kanporaketan. Julio Sotori gertutik segika, Amaia Agirrek ere saio ederra josi zuen. Tarte handi samarrera bukatu zuten gainerako laurek puntutan, baina saio polita eginez.

@ane_arruti|2013/10/13
201301013_juliosoto
Julio Soto. (Bob EDME)

«Potoen arratsaldea» izanagatik –lauk egin zuten ihes saio osoan zehar–, saio txukuna izan zen atzo mila bertsozaletik gora bildu ziren Hendaiako Beltzenia ezker paretan jokatutakoa. Ofizioetan elkarrizketa politak entzun ahal izan ziren, umoretik hartutakoak izan ziren txalotuenak, eta bakarkakoan ere izan zen gozatzeko aukera. Julio Sotok eskuratu zituen puntu gehien, 653. Erori gabe ale ederrak utziz aritu zen nafarra, eta Amaia Agirrek 642,5 eskuratu zituen. Euren atzetik honela gelditu zen sailkapena: Iñaki Zelaiak 611, Felix Zubiak 610, Iñaki Apalategik 596 eta Iban Urdangarinek 591. Honenbestez, Gernika-Lumoko finalaurrekoan izango da Soto.

Motel samar hasi zen saioa zortziko nagusiko ariketarekin baina gorantza egin zuen gero. Gorritiarra zortziko txikian hasi zen publikoarekin bat egiten. Zubiak gela bat alokatu zion eta arratsaldero tronpeta saioa egiten zuek berak bertan. «Do, Re, Mi, Fa, Sol, La, Si, partiturak hitza/ ez al zaizu gustatzen daukadan langintza/ txarangara joateko baina zer zabiltza/ zabaldu belarriak gozatu bizitza», esan zion. 

Ofizio biribilena hamarreko txikian Felix Zubiak eta Amaia Agirrek osatu zuten. Gaztetxean mila urte pasa ondoren, erretiratzeko gogoa zuen Agirrek, Zubiak ez. «Erritmo eta festan ez degu zer egin/ gure kuadrilakoen seme-alabekin», esan zion Agirrek. «Zurrutean, parrandan badegu nibela/ txarangakin saltoka, bertsotan bestela/ guregandikan zerbait ikas dezatela», erantzuna Zubiak.

Aurretik, puntu erantzunean ere argi aritu ziren biak, bertso bat bestearekin lotuz. Zarauztarrak, telefono deietan, Susana aipatu zuen bigarrengoan, eta hirugarrenean hau izan zen puntua: «Ta iristen denean hileko faktura». Erantzuna: «Poltsikotan zuloa eskuak burura/ Susanai esateko garaia heldu da/ ahoz aho hobe da gure abentura».

Villabonakoak, berriz, BECera iristea zuen helburu lehendabiziko bertsotik. Eta «amets gaizto berdina gauero-gauero» hirugarren puntuari honela erantzun zion: «Finaletik kanpora nagoela edo/ amore ematerik etzazu espero/ ametsa lortzen baita saiatu ezkero».

Iñaki Apalategi ere, hamarreko txikian aritu zen ondoen. Marihuana landatzen duen elkarteko kidea zen Urdangarinekin batera. Poliziak atxilotu ondoren, ez zuen lantegi horretan jarraitzeko gogorik. «Handitu direnean eraman dena ai/ berriz ez det hoientzat ereiten jardun nahi», esan zuen lehenengoan. «Hurrena okerragoa liteke gainera/ eta zu lasai zoaz ziega barrenera/ zu erre gabe ere itsutu egin zera», bukatu zuen hirugarrena.

Kartzelako gaia honakoa izan zuten: Lor zenezakeen guztia lortu duzu, baina jendeak ez dizu begirune handirik. Bankari postutik Iñaki Zelaiak lan ederra osatu zuen goitik behera, hirugarren bertsoan bere damua erakutsiz: «Hasi nahi nuke nik beste gurdi batetik tiraka/ lan apalago batean nere hurrengo etapa/ agur nere traje beltzak ta agur nere korbata/ ta are okerragua adio soldata/ lagunak edukitzeak preziorik ez dauka ta».

Gero azken agurrean aitortuko  zuen bezala, bere-beretik kantatu zuen Amaia Agirrek kartzelako lanean, bi emakumeren artean ezin umerik ekarri eta lortu ondoren, gurasoen onarpena ez jasotzeaz. «Ardo txarretik eman ondoren ozpin diren mila trago/ badet kuadrillan babesa eta bikotea det abaro/ baina aita amak gertu banitu hori nukeen nahiago/ lur jota ez nago zeharo/ ama naiz eta akabo/ begirunerik ez daukat baina borrokatzeko prest nago/ gugan bi bihotz ikus ditzaten bi alu baino lehenago», kantatu zuen hirugarrena. 

Sotok ere ondo heldu zion gaiari, izenik esan gabe Xabi Alonsoren ahotik kantatuz, mantsoegi agian. «Inglaterrara joan nintzen mundu guztia begira/ Liverpoolen erdilari eta kopetan disdira/ irabazi nuen dena irabazi nuen liga/ baina bizitzak eman zun ehunda larogeiko bira/ Real Madrilen jokatu nunetik lehen partida», bukatu zuen lehenengoa.

Zubia mediku tiranoaren paperean sartu zen, ez zuen ondo asmatu hiru bertsoak josten, eta Apalategik eta Urdangarinek politikari larrutik kantatu zuten. Umoretik hartzen asmatu zuen ataundarrak. «Urteak pasatu hala gogortu zaigu azala/ ta hola segi nahi nuke urte luzetan ojala/ ez naiz ezaguna baina nere bidean noala/ ez naiz telebistan irten nere lagunak bezala/ ia pentsatzen jarri naiz gutxi lapurtu dedala», bukatu zuen hirugarrena.

Laugarren kanporaketa gaur egingo da Altsasun, Burunda pilotalekuan, 17.30ean hasita. Bertan izango dira Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Unai Agirre, Oihane Perea, Xabier Silveira eta Erika Lagoma. Sarrera guztiak salduta daude.