Bertsolari txapelketa nagusia 2013
Kronikak
Kronika
 
Finalaurrekoetarako txartel bakarra banatu da Oionen, Etxahun Lekuerena

Puntutan behetik joan da azken kanporaketa. Hartara, finalaurrekoetarako txartel bakarra banatu da Oionen, saioko irabazle Etxahun Lekuek eskuratu duena. Txapelketa datorren eskailerara igoko da orain, finalaurrekoetara, eta atzean utziko ditu segitzea merezi duten hainbeste. Hori da neurtu beharraren krudela.

Amagoia MUJIKA|2013/10/27
20131027_lekeu
Etxahun Lekue saioan parte hartu zuten beste bertsolariekin. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Maite Berriozabalek kartzelako gaia eman zuen: «Ahalik eta azkarren iritsi zara, baina dagoeneko berandu da». Eta gure aurrean zegoen mutikoak amari serio-serio galdetu zion: «Nora?». Horixe sei bertsolariek ahalik eta txukunen, politen, sinesgarrien erantzun beharreko galdera. Eneritz Zabaleta berandu iritsi zen tren geltokira maite duena agurtzera; Iratxe Ibarra amonari eskua ematera azken arnasa eman baino lehen; Maddi Sarasua ospitalera aita ebakuntza gelan sartu baino lehen; Etxahun Lekue bizitzeko behar zuen eta kontrabandoan lortu nahi zuen bihotz berriaren bila; Miren Amuriza maite zuena beste batekin lotu zuen ezkontzara; eta Manex Agirre, bere semearen jaiotzara. Sei bertsolari eta sei bide oso desberdin. Atzo Oionen kolore desberdineko sei ahots entzun ziren seinale.

Etxahun Lekuerena erregulartasunaren ahotsa izan ohi da, tenplearena. Atzo ariketa guztietan eman zuen berea, agian goraka ertz handirik marraztu gabe, baina erorikorik gabe. Puntuak eta finalaurrekoetarako txartela izan zituen sari.

Eroso samar sumatu zen ariketa gehienetan. Hamarreko txikian, esaterako, Eneritz Zabaletarekin, puntako bi futbolariren azalean aulkitik partida ikusten. «Horrelakorik niri ez aitatu arren/ Casillas naz lehenago nebilen pozarren/ ta orain bankilluan gu hurrenez hurren/ begira egoteak ze pena dakarren/ gurago dot jokatu nahiz izan Eibarren».

Bigarren tokian, Miren Amuriza. Txapelketako bere bidea agortu zuen atzo. Zerbait igarri zuen berak, puntuazio jakin aurretik dagoeneko agurtu baitzen txapelketaz. Puntuak puntu, gozatu egin genuen berekin. Berak kantatzen duenean, isiltasuna ere betea agertzen da. Kantaera pausatua, sentitua da. Sinesgarri egiten du alzheimerra duen amari eskutik heltzean agertzen duen gozotasuna, eta egiazko bihurtzen du maite duena beste batekin ikustean sabelean sortzen zaion bolbora usaina. Kartzela onena berea izan zen. Amorrutik kantatu zuen maite zuen gizonezkoa beste batekin nola ezkondu zen ikusi eta gero. «Ikusi dut eta ia bertan jausi naiz ziplo/ oihukatu nahian zertan ari zara mutiko/ enuen uste hain errez zenuenik ahantziko/ ze maitasun ta pasio nituen zurekiko/ baina isildu ta arnasa hartu dut neurekiko/ zorionean gaur egun ezer ez da betiko», kantatu zuen bigarrenean.

Amamaren azken arnasa

Iratxe Ibarrak kartzelakoan bere amamaren heriotza kontatu zuen, eta azken agurrean bizi-bizirik dagoen amamari muxu bat bidali. «Amama gaixorik gendun ez dau aste hona pasa/ bakarrik ezin zan itxi nahiz ta bizi bere kasa amak deitu deust ta etxean han topau dot malko jasa/ amamari barriro be eman deutzat kalabaza/ momentu inportanteenen ikusi da nere traza/ herio amamarentzat ez dot bihurtu erraza/ nire eskua hartu barik eman dau azken arnasa», bota zuen bigarrena.

Eneritz Zabaletari egokitu zitzaion arratsaldeko lehen bertso puntuagarria josteko ardura. Zozketaren apeta izaten da hori, akaso ez hain garrantzitsua. Baina balio dezake saioaren lehen arnasa igartzeko. Sekulakoa izan zen hasiera. Zabaleta eta Ibarra ondoko trantzean jarri zituen gai-jartzaileak: «Gaztetatik alkohola eta drogak izan dituzue lagun festetan. Uzteko garaia iritsi dela pentsatu duzue». Zabaleta hasi zen: «Asteburua iritsi ahala wixkia eta rikarra/ kokainaren zuztarraldia ta zerbezaren aparra/ uste dut biok marrarik marra pasa genuela marra/ orain bizitzaz aldatzea da nahi dudan gauza bakarra». Eta maila berdinean jarraitu zuen beste bietan. Oso goitik hasi zuen saioa Zabaletak eta eutsi egin zion gehienean. Kartzelan distira faltatu izan zitzaion akaso.

Maddi Sarasuak azken agurrean esan zuen beretzat txapelketa «gozamenaren planeta» zela, eta, egia esan, ahalik gehien gozatzen saiatu zen. Oholtza handia da beretzat, baina ez zuen handi geratu zitzaion itxurarik eman.

Hamarreko txikian Etxahunekin batera saio polita josi zuen. Beti ikasten eta ikasten ari den nerabe baten gurasoen azalean aritu ziren eta ondo ibili zuen Etxahunek ireki zion bidea. «...nahi duenean mozkortu eta gauari orduak lapurtu/ zergatik ez zen gure semea bertsolaria bihurtu», bukatu zuen hirugarrena entzulearen algara piztuz.

Hamarreko txikian alderantziz heldu zion gaiari Maddik eta Manex Agirrek horixe ohartarazi zion bere lehen bertsoan. Maddik, larriak larri, lehenengoan esandakoaren kontrakoa esan zuen bigarrenean eta aurrera. Ondo konpondu zuen katramila Agirreren konplizitatearekin.

Manex Agirrek puntu gutxien bildu zituen, baina txalo gehien segur aski, bere zale eta lagunak oso gertu izan zituelako. Kartzelan josi zuen ariketarik politena. «Bibrazio bat sentitu dut fin poltsiko honetan hemen/ seinalea zen seinale hori oso seguru nekien/ baina egiten ari nintzena bukatu egin nahi nuen/ gero lanetik kotxera joan naiz korrika eta lehenbailehen/ kotxea utzi eskailera bat maternitatea ondoren/ baina iritsi naizenerako/ jada jaiota zegoen», bota zuen lehena.

Azken agurrean Manex Agirrek kantatu bezala, «bukatu da endredoa/ bizitza horrela da eta edan dezagun ardoa/ topa dagigun eta bakean bizi gaitezen betiko». Puntuak puntu, atzoko tragoa ederra izan zen, Euskal Herriaren mutur batean euskara bizi-bizi dagoen zaporea hartu geniolako. Datorren hitzordua, bi aste barru Gernika-Lumon.