Bertsolari txapelketa nagusia 2013
Albisteak
#BTN13: Berotik hotzera, eta tartean kabitzen diren guztiak

Villabonan ekin zion bere bideari irailaren 29an 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta BEC-en izango du final handia igandean. GAUR8ren aste honetako alea osorik txapelketaren ingurukoa izango da eta larunbatean Barakaldon bertan banatuko da eskuz esku; berotik hotzera, denetik izan duen txapelketa honen berri jaso asmoz.

Ane Arruti / Amagoia Mujika|Donostia|2013/12/13
Pd02_f01
Jon URBE / ARGAZKI PRESS

Villabona-Amasan hasi zen bidea, bero sapak itotako irailaren 29an. Txapelketarako argitaratutako aldizkariak abaniko, Iker Zubeldiak kantatu zuen bezala, majo igarri genuen nola sentitzen den oilaskoa labean. Maulen amaitu zen azaroaren 30ean, eskularruek eta bufandek engainatzea lortu ez zuten hotza hezurretan, sudurra gorriegi eta ipurdia hotzegi. Horrelako zerbait sentitu behar du oilaskoak hozkailuan. Berotik hotzera eta hotzetik berora, tartean kabitzen diren sentsazio guztiak pausatu zaizkigu azalean Bertsolari Txapelketaren atzetik gindoazela.

Batzuetan turroia, beste batzuetan pastelak. Mahai gainean ez da falta izaten detaile gozorik. Nola akordatzen den jendea goizeko zortzietatik aulki eta entxufe artean dabiltzanekin. Zenbat peto gorri, borondatezko langile, konplizitate ordu. Zenbat hanka txapelketa batentzat. Zer pentsa eman digu lantalde horren talde lanak.

Saioa bukatu eta kazetariengana bere oroigarria non ote zegoen galdezka hurbildu zen bertsolariarekin barre egin genuen, bazuen itxaropena gugan eta guk askorik lagundu ezin. Eta kazetariak buru-belarri lanean ari ginela gerturatu eta ea hurrengo saioa non egokitu ote zitzaion galdetu zuen beste hari ere ez genion kasu handirik egin.

Momentu txarrean hurreratu zen. Barkatuko ote du gure itsuskeria. Haiek, bertsolariak, beti portatu dira elegante gurekin. Eta zer esan gure lana bukatu arte zain eta zaindari izan ditugunei, argindarra, aulkiak edo mahaietako tapete beltza kenduagatik titularrak zorrozten lagundu digutenei, igande arratsetako etxeratze orduak luzatu eta luzatu.

Hendaiako saiora, bonoa izanagatik, joan ezinda geratu zen laguna, Bidasoa gurutzatzeko beldur. Han eta Maulen baino ezin izan dute txapelketa bertatik bertara gozatu beste hainbestek. Eta finalera joan ezinda geldituko dira beste milaka eta milaka. Txapelketak oso garbi dauka lurraldetasuna, badaki non marraztu gure herriaren mugak. Lege arrotzek ebaki egiten dute Euskal Herria; txapelketak mapan jartzen ditu Oion eta Tolosa, Maule eta Barakaldo. Orduak eta desorduak, gertuko errepideak eta urrutikoak, iluna gailendu zaigu nahi baino gehiagotan etxera sartzerako. Baina gustura egin dugu beti bueltako bidea. Zertaz hitz egingo dugu astelehenetik aurrera?

Bertsolariek hatzekin silabak kontatzen dituzte. Gu txapelketa kontatzen saiatu gara. Bat gehiago apuntatuko dugu txapelketen gure atalean, eta oraingoan ere asko gozatu dugu, eta asko ikasi dugu. Eta ikasten jarraitu nahi dugu.


GAUR8ren ale bereziko erdiko orrialdetan doan posterra (Ivan Landa)

GAUR8 ale berezia BEC-en

Irailaren 29an abiatu zen txapelketaren inguruko denak jaso asmoz ale berezia prestatu du aste honetarako GAUR8k. Larunbatean GARArekin batera aurkituko du irakurleak. Txapelketaren inguruan jakin beharreko denak, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariaren iritzia, txapelketaren antolakuntzak dakarren lan guztiaren ingurukoak, txapeldunari txapela jantziko dion Joanito Dorronsororen bertsolaritzaren egungo egoeraren inguruko gogoeta, zortzi finalistei egindako elkarrizketak eta Jon Garmendia ‘Txuriya’ eta Koldo Almandozen hausnarketak izango ditu ale bereziak. Gainera, betaurreko morrekin begiratuz gero, parekidetasunaren ikuspegitik, txapelketaren inguruko gogoeta berezia ere izango du. Guztia borobiltzeko, erdiko orrialdeetan, Ivan Landak egindako poster berezi bat (goian ikusgai) ere aurkituko du irakurleak.

#BTN13 finalaz jakin beharrekoak:

Egun osoko plana da igandeko BECeko finala. Bertaratzerik ez baduzue, besteak beste, Info7 irratiaren bidez jarraitu ahalko duzue goizetik amaiera arte final osoa eta sarrerarik gabe geratu direnentzat hainbat herritan pantaila erraldoietan eskainiko dute finala. Hauek dira igandeko finalari begira jakin beharrekoak:

Ordutegia:
9.00: Ateen irekitzea.
11.00: Goizeko saioaren hasiera.
14.00: Bazkaria. Bizkaia Arena hustu egingo da eta 6. pabiloira joan beharko da. Txartela dutenek han izango dute bazkaria; etxetik eramaten dutenentzat mahaiak eta eserlekuak egongo dira. Taberna ere egongo da.
15.00: Ateen irekitzea.
16.00: Arratsaldeko saioaren hasiera.
20.00-20.30: Sari emate ekitaldia

Bertsolarien ariketak
Goizean: 15 bertso puntuagarri.
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
-Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
-Kartzelako lana: Banaka, gaia emanda, hiru bertso.
Arratsaldean:10 bertso puntuagarri.
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
-Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
-Banaka, gaia emanda, hiru bertso.
Burzu burukoa:10 bertso puntuagarri.
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
-Kartzelako lana:
-Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.
-Banaka, gaia emanda, hiruna bertso.