Harkaitz Canok idatzitako narrazioa


8. ATALA

VINTAGE MEMORIES

HARKAITZ CANO | 2013/08/11


Jazz Malanda, denetik eta edozein preziotan lor diezazukeen gizona, ohikoan baino kezkatuago dago. Sentitzen du nolabaiteko erantzukizuna bere bezeroekiko. Jakina sentitzen duela. Ezkutatzen saiatzen da, baina ez da munstro bat. Bezeroek bizirik jarraitzea nahi du. Bizirik eta erotu gabe. Ahalik eta luzaroen. Hori baita negozioari eusteko modu bakarra. Gainera, Nora Stewart da oraingoan bere bezeroa. Eta Nora Stewart ez da edozein berarentzat.

-Sure zaude, Nora? Material hau oso gogorra da. As pure as it can be.

-Badakizu ez naizela edozein gauzarekin konformatzen.

-Up to you. Ni ondoan izango nauzu bitartean. Bikoitza kostatuko zaizu, hori bai. Gran Reserva, esango lukete hizkuntz erreformista prolatinoek.

-Haiekin zaude orain?  

-Ni ez nago inorekin. Ez naiz anybody´s dog, Nora.

-Beti bilbatuan mintzo zarenez... Ez zaitut irudikatzen gaztelania eta frantsesaren aldeko errebisionistekin...   

-Aspaldiko habitak nekez hiltzen dira. Baina all kind of bezeroak pasatzen dira hemendik. Prolatinoak eta zu bezalako batuaren retrozaleak ere bai, old school. Printzipio bakarra daukat nik: fundamentalismo guztiak onartzen ditut.

-Gogaitu egiten zaitu nire hizkerak?

-Ezta batere. Is funny, though. Hain pertsona gaztea izanda, I mean.

-Ez naiz hain gaztea ere. Ea bada, egin dugu kalakan nahikoa eta sobera: memodosi hori.

Aldez aurretik ordaindu dio. Doleuro sortak erabateko pizkundea eragiten dio  begiradan Jazz Malandari. Nobody´s dog dela esan arren, doleuro haiek badute zakur-uhalaren antza.

Memodosia ziztatu du Nora Stewartek, damurik gabe.

Bi oroitzapen baino ez dira.  Jabeak bere bizitzako azken biak izatea nahiko zukeen bi oroitzapen, beharbada? Nahita edo nahi gabe, azkenak. Agian bietako bat –baikorra zena, zoriontsua zena– gorde nahi izan zuen jabeak, baina nahi gabe gainjarri zitzaion bigarrena, hain lazgarria, lehenbizikoa zokoratuz. Bien artean, edonola ere, halako oreka bat sortzen zuten oroitzapen haiek. Aurkia eta ifrentzua.  

Lehena, marra hori, gorri eta morez osatutako bandera pila batekin hasten zen. Euforia giro bat, gizon-emakumeak elkarri besotik helduta zihoazen, txaranga doinu alaien artean, desfile herrikoi gisakoa, pikondo baten azpian amaitzen zena. «Gora Errepublika!» oihu egiten zuen norbaitek. Airea garbia zen eta zerua oso urdina: oroitzapenen jabea emakumezko gazte bat musukatzen ari zen, haren bular margul eta zurien artean galtzen zen bere burua. Bigarren oroitzapena, pikondo berberaren ondoan kokatzen da. Leku berean dago, baina oraingoan bakarrik: iletik tiraka atera dute soldaduek emakumezko berbera, oihu artean. Bi neskatxa leiho ondoan jarrita daude: nagusienak begiak tapatzen dizkio eskuekin bere ahizpa dirudienari, eta begiak itxita, besarkatu egiten du atzetik, txikiaren sorbaldan bere kokotsa iltzatuz. Ez dago ispilurik eta ezin ikus daiteke oroitzapenen jabearen itxura. Oroitzapen horien jabeak une hartan sentitzen zituen odolaren zaporea eta aho minbera bakarrik suma ditzake Nora Stewartek, eta eskuak atzean lotuta dauzkala ziurrenik, ezin baititu mugitu, ez baitira lehen oroitzapenean bularrak laztantzen zituzten hatz luzeak ageri oraingoan. Emakumezkoa belauniko dago pikondo azpian. Errebolber bat jarri diote buruan. Oroitzapenen jabeari zuzentzen zaizkio militarrak.  

-Esango diguzu non dagoen bere neba, bai ala ez?

Emakumezkoa duin mantentzen da:

-Ez esan ezer, Maurizio.

Segurua kendu dio errebolberrari alkandora beltzeko soldaduak. Lokian jarri dio berriz kanoia, emakumezkoa lepoa makurtzera derrigortuz.

-Zuk ikusi.

-Ongi da, ongi da! Goian dago... Mendian..., neguko gure bordan...  

Trumoia oso urrunetik zetorren ustea. Emakumezkoa odoletan lurrean. Gertutik etorri da trumoia. Eta ez zen trumoia. Trumoi ez zen bigarren trumoia etorri da gero. Beltzera egin du oroitzapenak, baina, hala ere, jabeak azken hitz batzuk gorde ditu gogoan:

-Bi zerri gutxiago. Goazen bordan dagoenaren bila.

Nora Stewart izerditan esnatu da. Memodosiaren efektua durduzagarria izan da benetan. Basoko usain eta kolore sarkor eta sakonek, falangisten bortxa dohakabeak, oroitzapenen bizitasunak –bizitza errealeko edozein gertaera eta edozein amesgaizto baino askoz ere benetakoagoa–, gogor erasan dio guztiak.

Jazz Malanda ondoan du. Bere zaindaria. Bere xamana. Eskua jarri dio sorbaldan.

-Are you ok, Nora?  

-Bai...  

-Esan dizut... Really tough stuff... Normalean ez dut garai hartako ezer gomendatzen. Oso engantxoia da eta gero jendeak gehiago nahi izaten du... You can go bananas if you get too attached to it, laztana.  

-Zenbat denbora egon naiz eraginpean?

-Bi ordu. Almost.

-Askoz gutxiago izan delakoan nengoen...

-Denboraren orea, you know...

-Badago Guggenheimekoaren berri gehiagorik?

-Not yet. Krisi kabinetea bilduta dagoela eta bat baino gehiago damu dela euskal army bat garaiz ez sortu izanaz.

-Ezker abertzalea?

-Not only ezker abertzalea...

-Besterik?

-That´s all.