NAIZ

Belako, Izaro, Sara Zozaya eta Petti 2021eko Musika Bulegoa Sarietako irabazleen artean

Miarritzeko Atabal aretoan banatu dira aurtengo Musika Bulegoa sariak. Korrontzi, Ander Tellería, Arineketan, Belako, Brais Novoa Loira, Izaro, Noa & The Hell Drinkers, Petti, Sara Zozaya, eta EKE Euskal Kultur Erakundea izan dira 2021. edizioko hamar sarituak.

Miarritzeko Atabalen banatu dira Musika Bulegoaren sariak. (MUSIKA BULEGOA)
Miarritzeko Atabalen banatu dira Musika Bulegoaren sariak. (MUSIKA BULEGOA)

Musika Bulegoa Sarien bosgarren edizioa hartu du Miarritzeko Atabal artoak. Aurrekoetan bezala, edizio honetan ere, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak,  bertoko artista, talde edo musika proiektuek iaz burututako lana saritzea izan du xede. Aurtengo ediziorako 107 proposamen jaso dira eta sarituak EHMBE-k osatutako epaimahaiak hautatu ditu.

Korrontzi, Ander Tellería, Arineketan, Belako, Brais Novoa Loira, Izaro, Noa & The Hell Drinkers, Petti, Sara Zozaya, eta EKE Euskal Kultur Erakundea izan dira 2021. edizioko hamar sarituak. Antolatzaileak adierazi duenez, bosgarren edizio honetan kalitate handiko lanak aurkeztu dira eta proposamen gehienak disko oso bat izan dira. Musika motari dagokionez, plazaratutako lanen artean pop-rock-a, musika klasiko garaikidea, folk-a eta jazz generoak gailendu dira.

Saritutako proiektuek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jaso dituzte. Bestalde, EHMBE Ohorezko Sariak Mikelarenaren eskultura jaso du.

Ohorezko saria

Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria, aldiz, Korrontzik jaso du. Euskal Herriko sortzaile, interprete, musikagile edo talde batek euskal musika nazioartera eramaten egiten duen lana aitortzen du sariak eta euskaraz egindako proiektuak hartzen ditu kontuan nagusiki.

Halaber, EKE Euskal Kultur Erakundeak, EHMBE Ohorezko Saria eskuratu du. Aipatu sariak, Euskal Herriko musika-jarduerarekin lotutako pertsona zein erakundea goraipatzen du prestakuntzan, sentsibilizazioan, hedapenean edota ekoizpenean egiten duen ekarpena medio.

Hierarkia zein kategoria gabeko sariak dira honako hauek. Alegia, emandako sari guztiek dute balio bera, «gauza guztien gainetik, egindako lana eta ahalegina saritzen direlako», azaldu dute antolatzaileek. «Iazkoa ez zen urte xamurra izan, koronabirusaren pandemiak kulturaren esparrua lur-jota utzi baitzuen eta hala ere, aurkeztutako proposamenen kopuruari begiratuz, Euskal Herriko sortzaileen kreatibitatea sano dagoela esan daiteke», gaineratu dute.

Aurreko edizioan bezala, aurten ere zuzeneko emanaldiez gozatzeko aukera izan dute Atabal aretora hurbildutakoek. Amaia Artetxeren gidaritzapean, sarituek, beraien zuzeneko show-a plazaratzeko parada izan dute.