Maitane Aldanondo

FISIFY bizkarreko minei aurre egiteko laguntzaile birtuala garatzen ari da

Hiru ekintzailek asmatutako plataformak fisioterapiaren digitalizazioa dakar. Profesionalen lana ordeztu gabe, adimen artifiziala baliatzen du ariketa pertsonalizatuak proposatzeko, eta ikusmen artifiziala, pazienteak egoki gauzatzen dituela ziurtatzeko.

Ezkerretik eskuinera, Egoitz Lazkano, Inhar Aldalur eta Iñaki Markinez, Fisify plataformaren sortzaileak. (FISIFY)
Ezkerretik eskuinera, Egoitz Lazkano, Inhar Aldalur eta Iñaki Markinez, Fisify plataformaren sortzaileak. (FISIFY)

Bizkarreko mina nahiko ohikoa da, baina horren jatorria ez da beti bera. Diagnosi egokiarekin batera, tratamendua zuzen egiteak ere berebiziko garrantzia du. Bi ikuspegi horietan lagungarri den aplikazioa atondu dute Inhar Aldalur, Egoitz Lazkano eta Iñaki Markinez azpeitiarrek. Duela egun gutxi inbertsio erronda bat itxi berri dute hura garatu eta ezagutarazteko. 

Nahiz eta «bitxia» dela onartu, egitasmoaren ideia hondartza egun batean bururatu zitzaion txikitako lagunek osatzen duten hirukoteari. Lazkano eta Markinez fisioterapeutak dira eta bezeroek euren minaren jatorria Interneten bilatzeko joeraz hitz egin ohi zuten. Egun hartan Aldalurri bururatu zitzaion adimen artifizial bat sor zezaketela haiei laguntzeko. «Ezinezkoa» iruditu zitzaiela onartu du Markinezek, min mota asko daudelako; baina «oso ideia ona» zenez, saiatzea erabaki zuten. Garatu eta kontsultara joaten ziren pazienteekin probatu zuten, emandako erantzunak ikusteko eta, aldi berean, datuak bilduta, ikasten joan zedin.

Ekiteari buruz asko ez zekitenez, MBA bat eta zenbait ikastaro egin zituzten. Horrek eta beste gazte ekintzaile batzuk ikusteak «asko motibatu» zituen. Markinezek onartu duenez, ekitea ez zitzaion burutik pasatu ere egiten, baina orain «pasioa» du. Uste du aldaketei aurre egiten irakatsi diola. «Gizarteak ez gaitu aldaketarako hezten, ohituta gaude egonkortasunera, gauzak bide batetik egitera: ikasi, gradua, lana... Start-up batean etengabeko aldaketan zaude. Orain goian, orain behean zabiltza; baina beti aurrera. Denei aholkatuko nieke, konfort gunetik ateratzeko egokiena iruditzen zait».

Iazko urte amaieran eratu zuten Bilbon egoitza duen elkarte mugatua. Aurretik, Deustuko Unibertsitateko Innoguneren bulegoetan landu zuten proiektua urtebetez. Egitasmoa aurrera eramateko Lanbidek nahiz Euskal Herriko Unibertsitateak dirulaguntzak eman dizkiete; halaber, Demium Startup-en ekintzailetza programan ere parte hartu dute.

Finantziazioa, minutu gutxitan

Bizkarreko mina dutenei bideratuta dago, lesioa dutenei edo beraien jarrera hobetu nahiz bizkarra indartu nahi dutenei. Hala ere, abiapuntuko ideiak bilakaera bat izan du egungora heldu arte. Hasieran, galdera batzuk erantzunda diagnosi orientagarria eta minari buruzko informazioa ematen zituen, zenbait aholkurekin batera. Webgunera sartu, hori lortu, eta tratamendua eskatzen zietenak gero eta gehiago zirela ikusita, profesionala etxera bidaltzeko zerbitzua martxan jarri zuten Bilbon eta Donostian, pandemia heldu zen arte. Zerbitzua gelditu behar izan zuten, baina jendeak laguntza eskatzen jarraitzen zuen. Hortaz, ariketa pertsonalizatuak bidaltzen hasi ziren. Baina ez zen nahikoa. Azken urratsa, Aurya laguntzaile birtuala barneratzea izan da. Markinezek zehaztu duenez, «klinikan ikusten dugu pazienteek balioa ematen diotela ondoan egoteari, ariketak zuzentzen eta gidatzen joateari. Horregatik sortu dugu». Gailuko kamera piztuta, ikusmen artifiziala baliatzen du pazientea ariketak egoki egiten ari dela bermatzeko.

Azken proposamen hori Generali aseguru etxeak urtero antolatzen duen lehiaketara aurkeztu zuten; fase guztiak gainditu eta irabazleak izan ziren. Horri esker, 5.000 pazienterekin probatu ahal izan dute, ariketak bidali eta zenbat hobetzen duten ikusiz. Bildutako ezagutza aplikazio sendo bat gauzatzeko erabili nahi dute eta hura finantzatzeko, duela bi aste Crowdfunding Bizkaiarekin inbertsio erronda bat egin zuten. Helburuko 120.000 euroak bost minutuan lortu zituzten eta dozena bat pasatxo inbertsorek jarritako 150.000 eurora heltzean itxi egin zuten prozesua. Markinezek onartu duenez, akatsa zela pentsatu zuten. «Bilerak egin genituen eta bagenekien inbertsore batzuek interesa zutela eta ideia gustatzen zitzaiela, baina ez zenbat diru jarriko zuten, ezta zenbatek ere». Badaezpada lagunei babesa eskatu bazieten ere, haiek ez zuten aukerarik izan. Bi programatzaile kontratatzera eta marketin lanetara bideratuko dute dirua.

Fisifyk ez ditu profesionalak ordezkatu nahi, fisioterapeuten lana osatu baizik. Horregatik, heziketa parte bat ere badu, pazienteak ariketa egiteak zertan lagunduko dion uler dezan, atxikimendua handiagotzeko; eta egunerokorako aholkuak, mina saihesteko. Aplikazioa irailerako prest izatea espero dute eta bi negozio ereduren arabera merkaturatuko dute. Norbanakoek ordainketa bakarra egingo dute ariketak bidali eta jarraipena egiteagatik; profesionalek –ospitale, mediku aseguru edo fisioterapeutak–, berriz, hilero kuota bat ordainduko dute erabiltzaile kopuruaren arabera. Halaber, enpresei ere bideratu nahi diete, lantaldeari zerbitzu gisa eskain diezaioten.

Epe laburrean, enpresa handiekin lanean hasi nahi dute, aseguru etxeak, lehenik, eta fisioterapia zentroak, ondoren. Baita hedatzen joatea ere, Estatuan, gaztelaniadun Latinoamerikan, eta ondoren, nazioartean. «Egiteko ilusioa badaukagu», aitortu du kideak.