NAIZ

3.096 lagun hil ziren iaz covid-19agatik EAEn, heriotza guztien %12,8

Eustat estatistika erakundearen behin betiko datuen arabera, EAEn 24.247 heriotza izan ziren 2020an, aurreko urtean baino %12,5 gehiago. Covid-19ak eragindakoak 3.096 izan ziren, hau da, guztien %12,8.

Ehorzketa etxe bateko langileak Donostia ospitaleko beilatokitik hildako baten gorpua jasotzen. (Gorka RUBIO/FOKU)
Ehorzketa etxe bateko langileak Donostia ospitaleko beilatokitik hildako baten gorpua jasotzen. (Gorka RUBIO/FOKU)

EAEn 24.247 heriotza izan ziren 2020. urtean, aurrekoan baino %12,5 gehiago. Covid-19ak eragindako heriotzak 3.096 izan ziren, hau da, guztien %12,8. Lurraldeen arabera, heriotzen gorakada nabarmenena Araban izan zen (%19,3), eta ondoren Gipuzkoan (%12,8) eta Bizkaian (%10,7), Eustat euskal estatistika erakundearen behin betiko datuen arabera.

Covid-19ak eragindako heriotzak bi taldetan sailkatzen dira: analisi bereziaren bidez egiaztatutako covid-19aren ondoriozkoak (2.775) eta ustezko covid-19aren ondoriozkoak, zeinak analisi bidez egiaztatu ez baitira baina parte medikoan koronabirusa heriotzaren kausa nagusia baita (321).

Eustatek jaso duenez, lurraldeen arabera eta termino absolutuetan, Bizkaia izan zen covid-19aren ondoriozko heriotza kopuru handiena izan zuena (1.629), eta ondoren Gipuzkoa (872) eta Araba (595). Koronabirusak eragindako heriotzak guztiekin alderatuta, Araban %18,2 izan ziren, Bizkaian %12,3 eta Gipuzkoan %11,3.

Hiriburuei dagokienez, Bilbo (626 heriotza covid-19aren ondorioz, %13,9) eta Gasteiz (496 heriotza, %20,3) nabarmendu ziren, eta ondoren Donostia (252 heriotza, %11,6). Bizkaiko Barakaldo, Basauri eta Getxo ere nabarmendu ziren, kausa horregatik 161 (%12,7), 99 (%17,9) eta 92 (%11,6) heriotza izan baitzituzten, hurrenez hurren.

Covid-19aren ondorioz 2020an hil zen gizonen kopurua handiagoa izan zen emakumeena baino: 1.582 gizon eta 1.514 emakume. Adinaren arabera, 80 urtetik gorakoenak izan ziren koronabirusaren ondoriozko heriotza guztien %72,8.

Hilabeteka, apirilean izan ziren covid-19aren ondoriozko heriotza gehien (1.065), baina hilen araberako bilakaera desberdina izan zen lurralde bakoitzean, izan diren olatuetan. Araban, kausa horrengatiko heriotza kopuru handiena martxoan eta apirilean zenbatu zen; Bizkaian, apirilean, irailean eta abenduan; eta Gipuzkoan, apirilean eta azaroan.

81 urte batez beste

Bestalde, joan den urtean hildakoen kopuru osoa aintzat hartuta, 12.191 emakume eta 12.056 gizon zendu ziren. Hildako pertsonen batez besteko adina 81 urtekoa izan zen. 2010ean, aldiz, 78,1 urte izan batez besteko; alegia, azken hamarkadan 2,9 urteko gorakada egon da.

Gizonak batez beste 77,8 urterekin hil ziren, eta emakumeak 84,2 urterekin urteotan.

Halaber, 2020an, 100 urte edo gehiagoko 409 pertsona hil ziren (1920an edo lehenago jaioak), eta haien artean %82,4 emakumeak izan ziren. 100 urtetik gorako pertsonen artean 31 heriotza gehiago zenbatu ziren 2019an baino.

Hazkuntza negatiboa izan zen, jaiotzak baino 9.508 heriotza gehiago izan baitziren. Lurraldeen arabera, saldo negatiboak izan ziren hiru lurraldeetan: Bizkaian 5.925 pertsona, Gipuzkoan 2.714 eta Araban 869.

Zergatiak

Orotara, 2020an EAEn izandako heriotzen %25,7 tumoreen ondoriozkoak izan ziren (6.223 heriotza), %23,1 zirkulazio aparatuko gaixotasunen ondoriozkoak (5.611 heriotza), %12,8 covid-19aren ondoriozkoak (3.096), eta %7,3 buruko eta portaeraren nahasmenduen ondoriozkoak (1.774).

Heriotzen motiboak desberdina izaten jarraitu zuen sexuaren arabera. Horrela, gizonen artean tumoreek gainditu egin zituzten zirkulazio aparatuko gaixotasunak; emakumeen artean kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren eta, ondoren, tumoreak.

Era berean, heriotzaren kausa aldatu egiten da adinarekin. Urtebetetik beherakoetan, heriotza ohikoenak jaiotza inguruko denboraldian sortutako gaixotasunen eta sortzetiko malformazioegatik izan ziren; urtebetetik 39 urtera bitartean, heriotza kausa nagusiak kanpo kausak izan ziren, besteak beste, istripuak eta suizidioak; 40 eta 79 urte bitartean tumoreak izan ziren lehen heriotza kausa; eta 80 urtetik aurrera, zirkulazio sistemako gaixotasunak.