Amagoia Bilbao

Beteriko aguakateak

(GETTY IMAGES)
(GETTY IMAGES)

LEHENENGO ERA
Osagaiak 4 lagunentzat
4 aguakate, 400 g muskuilu, 12 otarrainxka, tomate bat, tipulina erdia, piper berde erdia, piper gorri erdia, luzoker laurdena, limoia. Saltsa: 9 koilarakada olio, 2 koilarakada ozpin, gatza.

Zailtasuna                        1              

1. Otarrainxkak egosi, zuritu eta dadotan moztu.
2. Muskuiluak garbitu eta egosi, ireki arte. Oskolak kendu.
3. Tipulina, piperrak, tomatea eta luzokerra dado txikitan moztu.
4. Aguakatea luzeran ebaki eta hezurra kendu. Mamia atera eta dadotan moztu. Limoi zuku pixka bat gehitu. Azala gorde.
5. Saltsaren osagaiak irabiatu.
6. Osagai guztiak eta saltsa nahastu eta azalak bete.

BIGARREN ERA
Osagaiak 4 lagunentzat
4 aguakate, arrautza bat, 150 g hegaluze oliotan, 100 g gazta fresko, tomate bat, limoia. Saltsa: arrautza bat, 200 ml olio, ziapea, ozpina, gatza.

Zailtasuna            1

1. Arrautza 8 minutuz egosi. Zuritu eta zatitu.
2. Tomatea zuritu eta dado txikitan zatitu.
3. Gazta dado txikitan moztu.
4. Aguakatea aurreko errezetan bezala prestatu. Azala gorde.
5. Osagai guztiak eta hurrengo saltsa nahastu eta azalak bete.
Saltsa:
1. Arrautza eta ozpin tanta batzuk irabiagailuarekin nahasi.
2. Olioa apurka-apurka bota eta etengabe irabiatu. Behar adina ozpin, ziape eta gatz bota.