NAIZ

Alzheimerra prebenitzeko hitzarmena eta zentroa aurkeztu dituzte EHUk eta CITA-Alzheimerrek

EHUk eta CITA-Alzheimerrek itun bat sinatu dute gaitz honen eta narriadura kognitiboaren prebentzioan hezkuntza, prestakuntza, ikerketa, garapen eta berrikuntza zientifikoa indartzeko. Hitzarmenaren baitan, Basque Center for Alzheimer's Prevention (BCAP) zentroa ere sortuko dute.

Guillermo Quindos EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea, Ainara Estanga neuropsikologoa eta Pablo Martinez-Lage CITA-Alzheimer Fundazioko zuzendari zientifikoa. (EHU)
Guillermo Quindos EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea, Ainara Estanga neuropsikologoa eta Pablo Martinez-Lage CITA-Alzheimer Fundazioko zuzendari zientifikoa. (EHU)

Basque Center for Alzheimer's Prevention (BCAP) sustatu dute EHUk eta CITA-Alzheimerrek. EAEko zentro aitzindari horrek narriadura kognitiboa eta alzheimerrena prebenitzeko teknologia aurreratuak ikertuko ditu.

Bi erakundeek duela bost urte baino gehiagotik daukaten lankidetza estuaren eta jarduera bateratuaren ondorioz sortu dira BCAP zentroa eta berau barne hartzen duen hitzarmena. Eskuz esku jardun dute profesionalak eta ikertzaileak prestatzeko. Ondorioz, jakintza garrantzitsua sortu eta transferitu da narriadura kognitiboa, haren arrisku-profilak eta arrisku- eta babes-faktoreak detektatzeko eta goiz diagnostikatzeko, baita prebentzio-estrategiak aztertzeko ere.

Halaxe adierazi du Guillermo Quindos Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Gizarte Garapenaren arloko errektoreordeak astelehen honetan egindako aurkezpenean: «CITA-Alzheimer Fundazioaren eta EHUren arteko lankidetza-etapa berri honen helburua izango da alzheimerra prebenitzeko eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko irtenbideak bilatzea, zenbait jakintza-alorren ikuspegitik».

BCAP zentroa askotariko alorretako ikuspegien arteko sinergiak garatzeko arragoa izango da, besteak beste hauena: Qualiker ikerketa-taldeak alderdi sozioemozionaletik lantzen du alzheimerra; Spin taldeak mendekotasuna duten pertsonentzako laguntzaile birtualen teknologiak garatzen ditu; Aldapa taldeak, bestalde, gaitzarekin lotutako datu asko sakon analizatzeko adimen artifiziala eta ikaskuntza automatikoa nola erabili aztertzen du.

Neurozientzien arloko beste talde batzuk ere erronka honetan sartuz joango dira, adostutako helburua lortzeko: jendarteari baliabide berriak eta hobeak eskaintzea alzheimerra prebenitzeko, pazienteak zaintzeko eta haien eta ingurukoen bizi-kalitatea hobetzeko.

Erronka demografiko larriari erantzuteko

BCAP zentroak populazioaren zahartzeak eta alzheimerraren eta bestelako dementzien ondorioz mendekotasuna duten pertsonen kopurua handituz joateak eragiten duten erronka demografiko larriari erantzun nahi dio «alderdi zientifikotik, soziosanitariotik eta herrialde-ikuspegitik».

«Ezagutzaren egungo egoerak aukera ematen du, dagoeneko, zahartze aktibo eta osasungarriaren testuinguru batean garunaren osasuna zaintzeko eta dementzia eta alzheimer kasuen kopurua murrizteko esku-hartze goiztiarreko eta prebentzioko estrategiak planteatzeko eta aztertzeko», adierazi du Pablo Martinez-Lage CITA-Alzheimer Fundazioko zuzendari zientifikoak.

Erakunde horren kalkuluen arabera, gaixotasunaren prebalentzia-kopuruak Eustatek argitaratutako datu demografikoetara eta proiekzioetara estrapolatuz gero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gaur egun 40.000 gaixo baino gehiago egongo lirateke eta, 2050ean, 75.000 inguru izango lirateke.

Ondokoak izango dira BCAPen jardueraren ardatzak: «Graduatu aurreko eta osteko trebakuntza-programak bultzatzea eta sortzea; dibulgazioa, osasun-hezkuntza eta herritarren sentsibilizazioa; alzheimerraren euskal ikerketa-plataformaren datuak eta laginak ustiatzea, lurraldeko zenbait kohorte aztertuta; eta dementziaren eta alzheimerraren prebentzio primario eta sekundarioari buruzko berrikuntza- eta ikerketa-proiektu berriak diseinatzea eta martxan jartzea, lankidetzaren bidez, askotariko jakintza-alorretan eta belaunaldi desberdinetan».