Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Bixente Martinezek lehen bakarkako lana ondu du, Oskorriren kantekin jolastuz

‘Txoria buruan eta ibili munduan’ du izena Bixente Martinez gitarra-jotzailearen aurreneko bakarkako lanak. Instrumentala da, diskoan eta biniloan argitaratua. 2020ko konfinamendu gogorreko egunetan sortu zen, «oso natural», Oskorriren kantuekin jolasean. Oholtzan aurkeztuko du, bi dantzarirekin.

Bixente Martinez, Andoainen, bere bakarkako lehen diskoa aurkezten. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Bixente Martinez, Andoainen, bere bakarkako lehen diskoa aurkezten. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Bixente Martinez gitarra-jotzaileak lehen bakarkako lana aurkeztu du, ‘Txoria buruan eta ibili munduan’ (Elkar Musika). LP eta CD formatuan argitaratutako obra instrumentala da eta Oskorri taldearen errepertorioko kantak ditu oinarri.

1954an Eibarren jaioa, Martinezek eskarmentu handia du musikan. Konpositore, arreglista eta instrumentista profesionala da 1976tik. Autodidakta, Oskorri, Hiru Truku (Ruper Ordorika eta Joseba Tapiarekin batera) eta Igelaren Banda taldeen sortzaileetakoa, Euskal Herrian zein kanpoan makina bat kontzertu emana da. Zinean eta antzerkian lan egin du, baita bertsoa eta jazza elkartu zituen ‘Bertso & Jazz’ egitasmoan ere.

Halere, ostiral honetan streaming bidez aurkeztu duen ‘Txoria buruan eta ibili munduan’ du bakarkako aurreneko obra. Kontatu duenez, ideia 2020ko konfinamendu gogorreko egunetan sortu zitzaion. Denok etxean sartuta egotera behartuta egon ginen une haietan, gitarra hartu eta doinu eta aire ezberdinekin hasi zen jolasten. Eta «oso modu naturalean» Oskorriren kantu hauek etorri ziren bere eskuetara. Horien esentzia bilatu du, hortik abiatuta moldaketak egiteko.

Konfinamendu gogorra aprobetxatuz

«Egun batetik bestera etxera bidali gintuzten, ezin genuela ezer egin esanez. Baina zer da hau? Apokalipsia? Ezinegona, beldurra… Zeregin bat hartu nuen. Nire buruari esan nion: zergatik ez dut aprobetxatzen nik bakarrik gitarrarekin zerbait egiteko?», azaldu du musikariak.

«Jolasten hasi nintzen, Benitoren kantuekin, Oskorrirenekin… Ikusi nuen merezi zuela helburua zehaztea, eta horren barruan Oskorriren kantuak, oso barruan ditudanak, oso egokiak ikusi nituen. Gogoa neukan hartu, esentziara joan eta bigarren begirada batetik begiratzeko. Ez da berdina zazpi musikari edo gitarra bat bakarrik. Hala ere, Oskorriren kantu horiek bide polita ematen zuten».

Kantekin jolasten, probatzen ari zela zalantza zuen zer egin: «Pista batean gitarra bat grabatuko dut, bigarren batean beste bat, hirugarrenean beste bat... eta orkestra txiki bat osatu, edo ez? Beteago, jantziago geratzen da. Baina nik nire buruarekin jotzea hotza da, laborategiko kontua. Badakit zer den. Beste kontu bat zen ezin nuela hori egin zuzenean. Beraz, nire burua ibaira botatzea erabaki nuen ondorio guztiekin».

Kontzertuak Getxon eta Zarautzen

Aurkezpenean zuzenean jo ditu zenbait abestiren zatitxo batzuk, egin dituen moldaketak erakusteko. ‘Gu gaituzu Oskorri’ kantuarenak, adibidez. Honekin egin du teaserra. Bertan agertzen dira emanen dituen kontzertuetan lagun izanen dituen Leire Romero eta Aimar Odriozola Haatik konpainiako dantzariak.

Igande honetan, urriak 3, Getxon emanen dute ikuskizuna, Muxikebarri aretoan, 20.00etan. Urriaren 15ean Zarautzen izanen dira. Syntoramak eramanen du kontratazioa.

Lan hau «ia-ia pandemiari esker» sortu duela aitortu du gitarrista eibartarrak. Momentu ezin aproposagoan iritsi da, aurten 50 urte bete direlako Oskorrik lehen kontzertua egin zuenetik, Bilbon. Era berean, duela 25 urte izan zen urteurren kontzertua. Urteurren eta omenaldi urtea da, hortaz, Oskorrirentzat.