NAIZ

Elhuyarren teknologia berriek webguneak 6 hizkuntzatan irakurtzeko aukera ematen dute

Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoari esker, zientzia-dibulgazioan puntako edukiak sortzen dituzten bi hedabide euskaldun, zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus, beste sei hizkuntza batzuetan irakur daitezke.

Elia itzultzaile automatikoa aurkeztu du Elhuyarrek. (Elhuyar)
Elia itzultzaile automatikoa aurkeztu du Elhuyarrek. (Elhuyar)

Elhuyarren garatutako teknologiek webguneen edukiak sei hizkuntzatan irakurtzeko aukera ematen dute. Horri esker, lehenengo aldiz, euskarazko bi hedabide, zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus, beste hizkuntza batzuetan irakur daitezke jatorriz euskaraz egonagatik ere.

Hedabide horien sareko erabiltzaileek aukera izango dute edukiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz irakurtzeko; hori guztia Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoari esker.

Aipatutako bi webgune horiek, zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus, zientzia-dibulgazioan puntako edukiak sortzen dituzten bi hedabide euskaldun dira. Webgune horietan, Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoa txertatu da, besteak beste.

Hala, zientzia.eus webguneko hasiera-orrian bertan ikus daiteke edukia beste hizkuntzatan irakurtzeko aukera. Artikulu bakoitzean klik eginda ere, artikulua beste hizkuntzetara itzultzeko aukera ageri da, eskuineko aldean. Artikulua automatikoki itzulitakoa bada, erabiltzaileak ohar baten bidez jakingo du, eta beti izango du aukera jatorrizko euskarazko bertsiora joateko.

Elhuyar aldizkarian, berriz, artikulu baten barruan sartu behar da edukia beste hizkuntzetan irakurri ahal izateko. Horretarako, goiko menuan agertzen den itzulpen automatikoa aukeratu behar da.

Elhuyarrek azaldu duenez, funtzionalitate hori estrategikoa da euskara eta euskarazko edukiak bultzatzeko, «beste hizkuntzetako hiztunei gure edukiak irakurtzeko aukera ematen baitie».

Jakinarazi duenez, hedabide hauetan Elia txertatu zenetik bisita gehiago jasotzen dira atzerritik. Zientzia.eus-en, esaterako, erabiltzaile-kopurua %126 hazi da iazko lehen seihilekoarekin alderatuz; espainiar Estatuko erabiltzaileen kopurua bikoiztu egin da, frantziar Estatukoena laukoiztu, Estatu Batuetakoa bikoiztu… Elhuyar aldizkarian, berriz, %70 igo da erabiltzaileen kopurua, eta webgune hori gehien erabiltzen duten herrialdeak espainiar Estatua, Erresuma Batua, Ameriketako Estatu Batuak eta Pakistan dira, hurrenez hurren.

Beste teknologia batzuk

Hala ere, Elia ez da webgune horietan integratuta dagoen Elhuyarreko teknologia bakarra. Webguneotako irakurleek aspalditik dute aukera edukia irakurri beharrean, entzuteko; testua ahots bihurtzeko ahots-sintesiko sistemak erabiltzen dira horretarako. Erabiltzaileak zenbait aukera ditu: eduki osoa modu jarraituan entzun, zati batzuk bakarrik entzun, bolumena egokitu, ahotsaren generoa aldatu edota audioaren abiadura egokitu. Ahots-sintesiko sistemak beti markatuko du irakurtzen ari den esaldia, itzal urdinez.

Horrez gain, testu areagotuak eta analitiken atala gehitu dira zientzia.eus-en. Testu areagotuen bidez, erabiltzaileak aukera izango du artikuluetako kontzeptu, ikertzaile eta erakundeen berri jasotzeko Wikidatako informazio gehigarriarekin, eta analitiketan, berriz, edukiei buruzko informazioa eskainiko da hainbat grafikotan.

Zazpi izango dira grafikoak, hain zuzen ere, eta zenbakitan emango dute albisteetan gehien agertzen diren ikertzaile emakumezkoen eta gizonezkoen zerrenda, haien lanbideak, agertzen diren ikertzaile emakumezkoen artean zenbat diren Euskal Herrikoak eta zenbat kanpokoak, eta abar.