Marian Azkarate

Plougouskant, surrealisten irudimenetik sortutako paisaia

Plougouskanteko kostaldea penintsula basatian dago ezkutatuta, eta zirrara eragiten du bidaiengan. Batzuk diote Bretainiako herrixka honen frantseseko izena zelterako bi hitzez osatuta dagoela («plou» eta «cresca») eta «hazten ari den parrokia» edo «sinesten du» esan nahi duela.

Côtes-d’Armor izenekoak ditu altxor ezkutu gehien. (Miguel MEDINA)
Côtes-d’Armor izenekoak ditu altxor ezkutu gehien. (Miguel MEDINA)

Bretainian gauza orok ukitu magikoa duela esan ohi da. Guk zerbait gehitu nahi diogu adierazpen horri: Bretainiako paisaiak artista surrealista zoro batek margotu dituela dirudi. Itsasoan sakabanatuta dauden uharteek uraren gainean zintzilikaturiko bonbillak dirudite. Kostaldean ibiliz gero, portu ñimiñoak aurkituko ditugu, baita panpinen etxe bat ere, granitozko bi harri erraldoien artean sarturik. Departamendu bat aukeratu beharrez gero, Côtes-d’Armor izenekoak ditu altxor ezkutu gehien. Berezienak Ajoncs kostaldeko Plougouskant penintsulak gordetzen ditu.

1.340 biztanle eskas dituen udalerri horretara iristeko, Jaudy ibaiaren ibilguari jarraituko diogu. Tréguier Erdi Aroko hiria igaro ondoren, uhartetxoz betetako estuario bihurtzen da Jaudy. Ezkerreko bazterrak Plougouskant penintsula inguratzen du, Mantxako kanalerantz barneratzen den lur zatia. Soroz eta baso baxuz osatutako mosaikoa marrazten du, eta, pasaia horretan, arrosa-koloreko granitozko tximiniak ikus daitezke han-hemenka. Horregatik esaten diote Grant Rose kostaldea.

Plougouskantek ikusi beharreko toki ugari ditu; hala ere, aipagarrienak izendatu beharrez gero, honako hauek aukeratuko genituzke: Pors Scarff-en abiapuntua duen kostaldeko ibilbide ikusgarria, Napoleonen haitza, jeneralaren kapelaren forma duena, eta itsasoaren gogortasuna jasaten duten Le Gouffreko itsaslabarrak. Saihestezin gertatzen da toki basati hauetaz maitemintzea. Eskualdea zeharkatzen duten lau mendi-ibilbide daude oinez ibiltzea gustuko dutenentzat. Gainera, ikuspegi bera itsasotik izateko, eta paisaiaz beste modu batera gozatzeko, oso gomendagarria da bederatzi metroko luzera duen Ausquémé izeneko belaontzi tradizionalean irteera egitea (egun bateko txangoak egiten ditu eta Port Blanc-etik abiatzen da).

Castel Meur-en «misterioa»

Mundu osoan zabaldu den irudi batengatik da ezaguna Plougouskant. Argazkian, harrizko etxetxo bat ikus daiteke granitozko bi harkaitz erraldoiren artean sartuta, itsasotik metro gutxira. Castel Meur da. Hala ere, gaur egun ez duzu paisaia horren postalik aurkituko inguruko oroigarri-dendetan, guztiak desagerrarazi baitituzte. «Misterio» horren arrazoia turismoari leporatu behar zaio.

1861ean eraiki zuten Castel Meur, itsasoari bizkarra emanez, ekaitzetatik babesteko. Orduz geroztik zutik iraun du bi zaintzaileen artean, baina, duela urte gutxi, arriskuan egon zen haraino iristen ziren turista ugariengatik.

Eraikuntza baimenak beharrezkoak ez ziren garaian altxatu zuen itsasoarekiko maitasun neurrigabea zuen norbaitek, eta han bizi izan zen, nahiz eta haren ondorengoek bigarren etxe bezala erabili zuten urtean behin edo bitan bakarrik, eta ia beti itxita eduki zuten, utzita egongo balitz bezala.

2004an, aldiz, jatorrizko jabearen bilobak Ameriketan zuen negozioa itxi zuen eta jaioterrira itzuli zen. Etxea zaharberritu zuen, eta ezusteko baten berri izan zuen: itsasbazterreko turismoaren booma aprobetxatu nahian, toki-administrazioko funtzionarioek Plougouskanten ikur bihurtu zuten Castel Meur.

Etxea bisitatzera hurbiltzen zirenek ez zuten kontuan hartzen etxe pribatua zenik eta arazoak eragiten zituzten. Behin, udako egun zoragarri batean, autobus bat iritsi zen turista japoniarrez beterik. Souvenir bat nahi zuten kosta ala kosta, eta, argazkirik ikusgarriena lortzeko, etxeko sabaira igotzea bururatu zitzaien! Beste bisitari batzuek, sekulako arduragabekeriaz, hondartzako harriak eramaten zituzten oroigarri moduan eta urperatzeko arriskuan jarri zuten etxea. Paraje eder horretan, badirudi txoriek ez ezik, beste batzuek ere babestu behar izaten dutela beren burua.

Turistek eragindako kalteak ikusirik, jabeak epaitegietara jo zuen eta Castel Meurren irudiaren jabetza lortu zuen. Ondorioz, Castel Meurren irudia helburu komertzialetarako erabiltzea debekatuta dago. Etxea bisitariei itxita dago, hesi batek sarbidea galarazten du eta ezinezkoa da eraikin ikoniko horren postalik eta posterrik inon aurkitzea. Turismo bulegoetako liburuxketatik ere kendu dituzte.