NAIZ

17 musika talde igoko dira Hatortxu Rocken oholtzara abenduaren 18an

Segismundo Toxicomano, Afu, Soziedad Alkoholika, Bide Bakarra, Kaotiko, Tremenda Jauria, Dupla, Nøgen, Green Valley, Tribade, Skakeitan, Rodeo, Galtzagorriak, Ibil Bedi, Irkaia, Talco Maskerade eta Dj Plan B iragarri ditu Hatortxuk. Bestetik, udako edizio berezirako sarrerak, astelehenean salgai.

Hatortxuren aurreko edizio batean hartutako irudia. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Hatortxuren aurreko edizio batean hartutako irudia. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Abenduaren 18an, Atarrabian, Hatortxu Rocken 25. edizioa antolatuko dute eta gaur eman dituzte jakitera bertako oholtzara igoko diren taldeak. Guztia, «estilo eta jatorri anitzetako» 17 talde.

Segismundo Toxicomano, Afu, Soziedad Alkoholika, Bide Bakarra, Kaotiko, Tremenda Jauria, Dupla, Nøgen, Green Valley, Tribade, Skakeitan, Rodeo, Galtzagorriak, Ibil Bedi, Irkaia, Talco Maskerade eta Dj Plan B izango dira elkartasun gauaren erritmoa markatzearen ardura izango dutenak. Taldeen erdiak baino gehiagok estreinaldia izango du dispertsioaren aurkako musika jaialdian.

Antolakuntzatik «erlojuaren kontra» eta «inoizko egoera berezienean» prestatutako jaialdia dela nabarmendu dute. Eta, hala ere, «ohiko» Hatortxu Rock bat bizitzeko moduan daudela berretsi.

Era berean, gogora ekarri dute sarrera «guzti-guztiak» agortu egin direla. Ordu eta erdi eskasean agortu ere. «Inoizko egoera berezienean eta inoiz baino informazio gutxiagorekin. Azaldu genuen bakarra ‘ohiko’ Hatortxu Rock bat izanen dela izan zen. Eta, hala ere, jendeak hutsik ez duela egingo, errepresaliatu politikoen senideei hutsik ez dietela egingo, argi utzi zuen», adierazi dute antolakuntzatik. 

Haien hitzetan, horrek erakutsi zuen zeintzuk diren jaialdiaren benetako kartelburuak. «Urtero oholtzara igotzen diren taldeen gainetik gure kartelburuak beti direla berdinak: euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta haien senideak. Gure kartelaren, gure lanaren, gure auzolanaren zergatia». Eta auzolan horretan ere jarri dute indarra, «mundu guztiaren beharra» nabarmenduz.

26. edizioko sarrerak, astelehenean

Hatortxu Rock 25erako sarrera guztiak agortuta daude, baina Hatortxu Rockek «pandemiak sortutako etenaldiaren ostean ahalegin berezi bat» egiteko beharra ikusi du eta udan bi eguneko edizio berezi bat antolatuko dute. Uztailaren 29 eta 30ean, Atarrabian.

Zita horretarako sarrerak azaroaren 1ean, 20.00etan, jarriko dira salgai jaialdiaren webgunearen bitartez. Bi eguneko bonoak 55 euroko prezioa izango du eta egun bakarrekoak, bai ostiralekoak zein larunbatekoak ere, 30ekoa.