NAIZ

Biologoen elkargoak pandemian zehar eginiko lana aitortu dio Miren Basarasi

Covid-19aren pandemian zehar diziplina anitzetan Basarasi egindako lana aitortuko diote Biologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak eta Biologiako Dekanoen Espainiako Konferentziak.

Miren Basaras, mikrobiologoa eta UPV/EHUko irakaslea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Miren Basaras, mikrobiologoa eta UPV/EHUko irakaslea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Miren Basaras mikrobiologo eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleari pandemian zehar egindako lana aitortuko diote Biologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak eta Biologiako Dekanoen Espainiako Konferentziak. Aitortza ekitaldia eta sari banaketa ostiral honetan, azaroaren 26an, ospatuko dute Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearen paraninfoan.

Zehazki, covid-19aren pandemian diziplina anitzeko lankidetzaren bidez Osasungintzan egin diren aurrerapenen aitorpena egingo diote Basarasi. Hori horrela, Biologiako Dekanoen Espainiako Konferentziak, biologoak akademikoki trebatzen dituztenak ordezkatzen dituen erakundeak, eta Biologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak, biologoak profesionalki ordezkatzen dituen erakundeak, Basarasi egindako errekonozimenduaren zergatia azaldu dute: «Jendartean zabaldu eta agerian jarri nahi dugu zer ahalegin egin duten biologiako profesional sakrifikatu hauek covid-19aren pandemian».

Horretarako, aitorpen-ekitaldi publiko bateratu bat antolatu dutela iragarri dute bi erakundeek. Ekitaldian «gaitzaren eta haren hedapenaren aurkako borrokan» egin dituzten ekarpenek zer nolako «garrantzia» izan duten «ikusgarri» egin nahi dutela azaldu dute.

Bere aldetik, Basaras pozik azaldu da aitorpenaren albistearekin, «oso pozgarria da egindako lanaren aitorpena jasotzea». Jarraian, «zientziak aurrera egingo badu» diziplina anitzeko lankidetza «beti nahitaezkoa» dela erantsi du. Ildo beretik, gogoeta bat plazaratu du: «Zientziaren dibulgazioan egin beharreko ahalegina gutako bakoitzak ezagutza gizarteari hurbiltzeko egin beharreko lana da».

Bukatzeko, Basarasek egindako lanaren aitortza eta beragan jarritako konfiantza eskertu die bai Biologiako Dekanoen Espainiako Konferentziari eta bai Biologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari.