NAIZ

Garikoitz Mendizabalek eta Euskadiko Orkestrak ‘Gutizia’ diskoa kaleratu dute

Garikoitz Mendizabalek eta Euskadiko Orkestrak jatorri ezberdineko egileek idatzitako bederatzi lanek osatzen duten ‘Gutizia’ disko berezia aurkeztu dute «txistua munduan barrena ezagutzera emateko» helburuarekin.

Garikoitz Mendizabal txistularia eta Euskadiko Orkestra ‘Gutizia’ izena izango duen diskoa grabatzen. (Gorka RUBIO / FOKU)
Garikoitz Mendizabal txistularia eta Euskadiko Orkestra ‘Gutizia’ izena izango duen diskoa grabatzen. (Gorka RUBIO / FOKU)

‘Gutizia’ lana kaleratu dute, elkarrekin, Garikoitz Mendizabalek eta Euskadiko Orkestrak. Disko bikoitz berri honek jatorri ezberdineko egileek idatzitako bederatzi lan eta 84 minutuko musika biltzen ditu, «euskal kulturan aski sustraituta dagoen instrumentu bat, txistua, munduan barrena ezagutzera emateko».

Azaldu dutenez, txistulariak «urte askotan egindako lanaren eta errepertorio-bilketaren emaitza» da. «Hasiera batean bide ezberdinetatik doazen bi munduk bat egin dute une batean eta ‘Gutizia’ eman dute emaitza gisa». Otsailean landu zuten bi aldeek.

Grabazioak guztira bederatzi obra hartzen ditu barne, batzuk berriki idatziak eta besteak bertsio berri gisa aurkeztuak. Kenyari omenaldi bat (Karibu Peponi); gizakiak bizitza osoan barrena bizitzen dituen emozioen erakustaldi bat (Leyenda); txistuaren aldarrikapena orkestrarekin parekatzen den instrumentu gisa (Symphony-Concerto); edo Libanoko konpositore Naji Hakimena, euskal doinuak izan dituena inspirazio iturri txistua instrumentu-bakarlari gisa aurkezteko hiru mugimenduko kontzertu baten forma klasikoan (Txistu eta orkestrarako kontzertua).

«Ukaezina da musika berria den neurrian, txistu eta orkestrarako literatura areagotu eta aberasten duela, zalantzarik gabe», adierazi du Mendizabalek. «Bistakoa da, baita ere, euskal musikagileek zein atzerrikoek idatzi dutela hain gurea den instrumentuarentzat. Etorkizunean izango diren txistulariei utzi nahi nieke orkestra handi batez lagundurik jotzeko aukera eta material gehiago. Bide batez, oso ohikoak ez diren musika-tresna batzuekin egiten ari diren moduan (akordeoia, gitarra, etab.), txistuak ere izango du, naturaltasunez, orkestra sinfoniko batekin aritzeko aukera gehiago, bai Euskal Herrian bai atzerrian».

Euskadiko Orkestrarentzat bi munduok uztartzea «euskal kultura sustatu eta hedatzeko bokazioari jarraipena emateko abagunea» da, bere zuzendari Jaume Santonjak azaldu duenez. «Plazer handia izan da Garikoitz ezagutzea, baita euskal musika tradizionalaren munduan pixka bat sartzea ere. Historikoki, instrumentuen bilakaera horizonteak hedatzea eskatzen zuten instrumentista birtuosoei lotuta egon da, bai teknikoki, bai intelektualki. Eta hori da, argi eta garbi, proiektu honetan gertatzen dena, Garikoitzen birtuosismoak ez ezik, bere ikuspegiak eta behar intelektualek ere txistuaren horizonteak zabaltzera eramaten baitute».

Jaume Santonja, Garikoitz Mendizabal, konpositore eta orkestraz gain, proiektu honetan Naroa Intxausti sopranoak, Francisco Escudero Kontserbatorioko haur abesbatzak eta Iñaki Telleriak eta Marc Blanesek, produkzioan eta soinuan, hartu dute parte.